Ekonomia -
Aurreikuspen ekonomikoak
2015ean EAEko ekonomia % 2,5 haziko dela aurreikusi du Jaurlaritzak
Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuaren esanetan, 14.000 lanpostu sortuko dira eta langabezia tasa % 14ra jaitsiko da aurten.
Agentziak | Erredakzioa
Martxoan espero zena baino bi hamarren gehiago haziko da Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) 2015ean: % 2,5, hain justu. Iragarpena Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak egin du gaur, aurtengo adierazle eta aurreikuspenen berri emateko prentsaurrekoan.
EAEko Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,3 igoko zela iragarri zuen Urkullu lehendakariak. Aurreikuspenok hobetzeko moduan daudela esan du orain Ogasun sailburuak. Enplegua ere hazi egingo dela azpimarratu du, % 1,6, eta horrenbestez, 14.000 lanpostu sortuko dira aurten.
Adierazle ekonomiko hauek datorren urteko aurrekontuak egiteko erabiliko ditu Urkulluren gobernuak eta gaur onartu dituzte gobernu bileran.
Gatzagaetxebarriak iragarri duenez, 2016an egonkor mantenduko da BPGaren hazkundea (% 2,5) eta aurreikuspen ekonomiko guztiak hobetuko dira. dena dela, zuhur agertu nahi izan da nazioarteko ekonomia dauden "arrisku eta ziurgabetasuna" kontuan hartuta. Hala nola, Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gatazka edo hazten ari diren ekonomietan atzeman duten "moteltzea" aipatu ditu sailburuak.
Enpleguari dagokionez, 2015ean % 1,6 haziko dela iragarri du Jaurlaritzak; martxoan emandako aurreikuspenari eutsi zaio, horrenbestez. 2016an &% 1,7ra igoko da eta 15.000 lanpostu sortuko dira.
Langabezia tasa % 14,8koa da egun eta urte amaieran %14ra jaitsiko da, betiere Jaurlaritzaren aurreikuspen arabera. 2016an, %12,9koa izango da tasa.