Ekonomia -
Gipuzkoa
Aberastasunaren gaineko Zerga kentzea eskatuko dio Adegik Diputazioari
Patronalaren esanetan, urte amaierara arte 7.000 enplegu sortuko dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduk aurreko legegintzaldian ezarritako Aberastasunaren gaineko Zerga kentzeko eskatuko dio Adegi Gipuzkoako patronalak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Halaber, jarduera ekonomikoa bultzatuko duten politikak abian jartzea eta enpresei bultzada emango dien fiskalitatea aplikatzea aldarrikatu du.
Pello Guibelalde Adegiko presidenteak egoera ekonomikoari buruzko inkesta aurkezteko ekitaldian esan duenez, Gipuzkoako ekonomia hazten ari da eta urte amaierara arte 7.000 enplegu sortuko dira.
Guibelaldek azpimarratu du "ongi bideratutako politikak" eta "konfiantzazko klima" behar direla etxeko zein atzerriko inbertsoreei "egonkortasuna, argitasuna eta lasaitasuna" eskaintzeko, eta enpresek, aldi berean, enplegua eta aberastasuna sortzeko.
Maiatzaren 24ko hauteskundeetan Gipuzkoan EAJ nagusitu ondoren patronalak Aberastasunaren gaineko Zerga kentzea eskatuko duen galdetuta, Jose Miguel Ayerza Adegiko idazkari nagusiak esan du enpresaburuen betiko eskaera dela hori, eta indarrean jarraitzen duela.
Bestalde, zerga horrek enpresa alorreko bokazioak "kikildu" egiten dituela nabarmendu du, eta Gipuzkoaren autonomia fiskala jarduera ekonomikoa sustatzeko erabili behar dela gaineratu du.