Ekonomia -

Europako Banku Zentrala

80.200 milioi euroan mantendu die kreditua Greziako bankuei EBZk

Azken egunotan, halaber, Greziako Gobernuak Nazioarteko Moneta Funtsari zor dizkion 1.600 milioi euroak ordainketa bakarrean itzultzea aztertzen ari dira, eta ez hiru ordainketetan.

EBZ
EBZ
EBZ

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentralak 80.200 milioi euroan mantendu du gaur Greziako finantza-erakundeei ezarritako larrialdi-likideziarako kreditu muga,  Greziako Bankuaren bidez eskuratu ahal izango dutena. Likidezia "koltxoia" 3.000 milioi euroan mantenduko dute.

EBZko iturriek jakitera eman dutenez, aurreko astetik ez da aldaketarik jazo Greziaren egoera ekonomikoan, eta horren arrazoia, azken egunotako gordailu irteerek beheranzko joera izan dutela da.

Bestalde, Greziako banku nagusien alboko aktiboak (berme modura erabiltzen direnak) beherapenik gabe onartzen jarraituko du EBZk, finantza-erakunde horiek dituzten kaudimen arazoak geroz eta handiagoak diren arren.

Mailegua murriztea kolpe gogorra litzateke Greziako bankuentzat, adituen iritzian. Europako Banku Zentralak finantzazio-bonuak onartzeari utzi zionetik, bankuek finantzatzeko duten modu bakarra larrialdi-likideziarako kredituak dira, ez dute beste tresnarik.

Aurreko astean EBZk 200 milioi euro gehitu zizkion larrialdi-likideziarako kredituari, eta 80.200 milioi euroan utzi zuen.

Greziako Gobernua hartzekodunekin negoziatzen ari da; ekainaren 5a baino lehen akordio bat erdietsi nahi dute, erreskateari dagozkion 7.200 milioi euroren ordainketa desblokeatzeko. Izan ere, egun horretan agortuko da Nazioarteko Moneta Funtsari emandako kreditu bat, 305 milioi eurokoa, ordaintzeko epemuga: Greziak laguntzarik jaso ezean, mailegu hori ezingo dela ordaindu uste da.

Azken egunotan, halaber, Greziako Gobernuak Nazioarteko Moneta Funtsari zor dizkion 1.600 milioi euroak ordainketa bakarrean itzultzea aztertzen ari dira, eta ez hiru ordainketetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Ekonomia 2024 Greziako berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa EBZri buruzko azken albisteak gaur