Ekonomia -

Funtzio Publikoaren Mahaia

Enplegu Publikoaren Legea atzera botatzeko eskatu du ELAk

Aurreproiektuaren zirriborroan, Eusko Jaurlaritza EAEko administrazioetan “lan erreforma sartzeko” ahaleginetan ari dela salatu du ELAk. Era berean, akordioa “ezinezkoa” dela uste du UGTk.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu Publikoaren Legeko aurreproiektuaren zirriborro berria atzera botatzeko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, EAEko administrazioetan “lan erreforma sartzeko” ahalegina delako. Gainera, sindikatuak bere garaian aurkeztutako 200 zuzenketetatik Jaurlaritzak “bakarrik” 12 onartu dituela kritikatu du ELAk.

Bileraren ostean igorritako agiri batean, Jaurlaritzak “bakarrik inposatzen” dakiela azpimarratu du sindikatu abertzaleak. ELAren hitzetan, “euskal lege bat” garatzeari “uko egin” dio Gasteizko Exekutiboak.

Funtzio Publikoaren Mahaian, goizean egindako bileran, Enplegu Publikoaren Legeko aurreproiektuaren zirriborro berria azaldu du Jaurlaritzak. “Azken bilera egin eta bost hilabete geroago zirriborroa sindikatuei igorri” dietela kritikatu du ELAk.

Zirriborroa aurkezteko “testuingurua” berriz salatu du sindikatu abertzaleak. ELAren ahotan, “zerbitzu publikoak arriskuan jartzen dituzten murrizketak areagotu dira, eta gainera, milaka lanpostu deuseztatu eta lan baldintzek nabarmen okerrera egin dute”.

Akordioa “ezinezkoa” dela uste du UGTk

Era berean, akordioa “ezinezkoa” dela uste du UGTk. Eusko Jaurlaritzak zirriborro berriarekin “batere esfortzurik” egin ez duela esan du sindikatuak; izan ere, zirriborroa PPk onartutako legeak baino “murriztaileagoa” da.

Funtzio Publikoaren Mahaia bildu eta gero argitaratu duen agirian, Eusko Jaurlaritzak “nobedaderik proposatu gabe jarraitzen” duela kritikatu du UGTk.

UGTren esanetan, Gasteizko Exekutiboak defendatzen duen testua “atzerapauso bat da funtzio publikoaren legeetan eta Alderdi Popularrak onartutako arauek baino aspektu okerragoak ditu”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Langileen Alkartasuna EAE albisteak Funtzionarioak albisteak