Ekonomia -
Eustat
EAEko BPGa % 1,2 hazi zen 2014an, eta enplegua % 0,3
Lurraldeka, eta urte arteko datuak kontuan hartuta, Gipuzkoan izan du BPGak hazkunderik handiena: % 2,1ekoa. % 1,9 hazi da Bizkaian eta % 1,6 Araban.
Erredakzioa
EAEko Barne Produktu Gordina % 1,2 hazi zen 2014an, eta enpleguak, lanaldi osoko lanpostuak kontuan hartuta, % 0,3 egin zuen gora, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) jakitera eman duenez.
2014ko azken hiruhilekoan, BPGak % 0,7ko hazkundea izan zuen, aurreko hiruhilekoko datuekin alderatuta. 2013ko azken bi hiruhilekoekin alderatuta, berriz, hazkundea % 1,9koa izan zen. Enplegu maila, urte arteko datuak aintzat hartuta, % 1 hazi zen.
Eraikuntzan izan ezik, gainerako sektore guztietan atzeman da ekonomiaren hazkundea: lehen sektorea % 5,5 hazi zen; zerbitzuen alorra, % 1,5 eta industriarena, % 1. Aurreko urteotan beheranzko joera izan dute sektoreok. Eraikuntzaren alorrak % 3 egin zuen behera iaz.
Enpleguari dagokionez ere, datu positiboak argitaratu ditu Eustatek. Lanaldi osoko lanpostuak % 0,3 hazi ziren 2014an, eta zerbitzuen alorrean sortu ziren lanpostu gehien. 2013ko datuak kontuan hartuta, % 1,3ko igoera izan zuen enpleguak sektore horretan.
Oro har, familien, enpresen eta administrazio publikoaren kontsumoaren igoerari esker egin du gora BPGak.