Ekonomia -
Mondragon taldea
Eroskik 40 milioi euro inbertitu ditu Elorrioko logistika zentroan
Hemendik aurrera, dendetarako eskarien harrera, biltegiratze eta prestaketa lanak automatikoak izango dira.
Erredakzioa
Eroskik 40 milioi euroko inbertsioa egin du Elorrioko (Bizkaia) logistika zentroan, planta hori automatizatzeko. Gaur inaugurazioa izan da, eta, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria izan da bertan.
Modernizazio horren ondorioz, dendetarako eskarien harrera, biltegiratze eta prestaketa lanak automatikoak izango dira. Hain zuzen ere, elikagai trafikoaren % 50 eta pisuaren % 70 izango da automatikoa, Agustin Markaida Eroskiko presidenteak zehaztu duenez.
Zentroa 41.000 metro karratukoa da, eta 679 milioi euroko jarduera ekonomikoa du urtean. Bertan, gainera, egunero 132.000 elikagai kutxa kudeatu, eta 4.000 palet kargatzen eta deskargatzen dituzte.
Automatizazioaren ondorioz, logistika kostuak % 10-15 jaitsiko dira, eta langileen lan-baldintzak hobetuko dira, betiere Alberto Madariaga Operazio zuzendariaren esanetan, hemendik aurrera esfortzu fisiko txikiagoa egin beharko dutelako.
Nolanahi ere, zentroko 400 langileen % 20ren kontratuak ez dituztela luzatuko gaineratu du Madariagak.
Inaugurazio ekitaldian, Urkulluk goratu egin du kooperatibak egindako "esfortzua", "zailtasun ekonomikoak zailtasun", "Euskadirekin lotura handiagoa duen negozio eredua" ezartzeko.
Horren hitzetan, "finantza erakundeekin lortutako akordioen, negoziazioen eta langileen konpromisoaren ondorioz", kooperatibak erakutsi egin du "egoera zailenak gainditzea" posible dela.
Bestalde, Eroski "kooperazioaren balioak eta konfiantza berreskuratzeko" bidean "erreferente" dela nabarmendu du.