Ekonomia -
Pentsioak
% 1,4 igo da EAEn pentsiodunen kopurua urrian
Batez besteko pentsioa 1.081 eurokoa da, Lan Ministerioak emandako datuen arabera.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) pentsiodunen kopurua % 1,4 hazi da urrian. Hala, 526.066 pentsiodun daude EAEn, Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Segurantzako Ministerioak emandako datuen arabera.
Batez besteko pentsioari dagokionez, 1.081,54 eurokoa da EAEn; % 1,8 igo da, 2013ko urriko datuekin alderatuta. Espainiako Estatuan, 874,35 eurokoa da batez besteko pentsioa (% 1,7 egin du gora).
Pentsio motari dagokionez, erretiro-pentsioa da zabalduena. EAEn 330.644 lagunek kobratzen dute, eta batez beste 1.242,08 euro jasotzen dituzte, Espainiako Estatuko altuena (1.004,66 eurokoa da bertan).
135.064 alargun-pentsio zenbatu dira urrian (741,27 eurokoa da batez beste), eta 42.679 minusbaliotasun-pentsio (1.172,63 eurokoak).
Lurraldeka, Bizkaian egin du gora gehien pentsioen kopuruak, % 3 hazi baita (277.759 lagunek jasotzen dute). Gipuzkoan % 1,9 egin du gora kopuru horrek (178.466 pentsiodun daude orain bertan) eta Araban, berriz, % 0,8 hazi da (69.841 pentsiodun daude orain).