Ekonomia -
Ituna
Akordioa Nafarroak eta Madrilek, Volkswagenen BEZaren inguruan
Hori horrela, Espainiako Gobernuak bertan behera utziko du helegitea. Bestalde, Nafarroaren esku geratuko dira loteriak eta on line jokoek eragindako zergak.
Erredakzioa
Espainiako eta Nafarroako gobernuek akordioa lortu dute Volkswagenen BEZaren inguruan Estatuak iragarritako helegitea bertan behera uzteko. Egun osoko negoziazioen ondoren, Lourdes Goikoetxea ogasun kontseilariak eta Antonio Beteta Herri Administrazioetarako Estatu idazkariak iragarri dute akordioa.
Orain bi aldeek bitariko batzordean aztertuko dute gaia, auzia behin betirako konpontzeko.
Horrez gain, akordioa lortu dute Nafarroaren esku gera daitezen loteriak eta on line jokoek eragindako zergak. Horretarako, Nafarroako itun ekonomikoan beharrezkoak diren aldaketak egin beharko dituzte. 20 milioiko diru sarrera aurreikusten du Nafarroako Gobernuak.
Lourdes Goicoechea Nafarroako presidenteordeak eta Antonio Beteta Administrazio Publikoen Estatu idazkariak prentsaurrekoa eman dute akordioak azaltzeko. Adostasuna lortzea "zaila" izan dela esan dute biek, gai "korapilatsua" zelako eta eztabaida "garrantzitsuak" izan direlako.
Akordioaren bidez gatazka konpontzeko kapaz izango direla uste dute biek. Ogasunak Nafarroari 1.513 milioi euro eskatzen dizkio, Estatuak Volkswageni BEZa itzuli ziolako 2007-2011 aldian. Autoak Landabenen fabrikatu zituzten, baina Kataluniako enpresa batek esportatu zituen.
Gai "konplexu" eta "zaila"
Gai "konplexu" eta "zaila" dela errepikatu dute Goicoecheak eta Betetak. Akordioa lortzeko bi aldeen borondatea goraipatu dute eta Estatuak Hitzarmenaren Koordinazio Batzordea biltzea proposatzeak Nafarroan piztu duen ikusminari garrantzia kendu diote.
Espainiako Gobernuak Foru Hobekuntzaren Legeari, Hitzarmen Ekonomikoari eta Nafarroako erakundeei dien "errespetua" azpimarratu du Estatu idazkariak. "Akordioa lortzea posible dela uste dugu, baita beste gai korapilatsu batzuetan ere", adierazi du.
Era berean, borondate hori berretsi du Goicoecheak. Nafarroako presidenteordearen hitzetan, Estatuarekin negoziatzea "sekula ez da izan lan erraza", baina "beti" akordio batera heldu dira.