Ekonomia -
Lakua
Fagor Etxetresnak ostiralean sartuko da hartzekodunen konkurtsoan
Bi ordu eta erdi iraun du bilerak, eta Martin Garitanok amaieran egin du iragarpena.
Erredakzioa
EAEko erakundeetako, Mondragon Korporazioko eta Fagorreko ordezkariek Fagor Etxetresnak enpresaren krisia aztertzeko bileraren amaieran Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan datorren ostiralean, azaroaren 8an, sartuko dela iragarri dute.
Bi ordu eta erdi iraun du Lakuan egin den bilerak. Bertan, erakundeetako ordezkariek eta MCCko eta Fagorreko ordezkariek parte hartu dute.
Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak azpimarratu duenez, Fagorren konpromisoak soilik kooperatibistei eragingo die, ondorioz, Jaurlaritzak enpresa hornitzaileak lagunduko ditu zeharkako lanpostuak deuseztatzea saihesteko.
Horregatik, EAEko Exekutiboak azterketa sakona egingo du Fagorren itxierak izango lukeen eragina ezagutzeko.
Gainera, lanpostuak deuseztatu diren zonatan hezkuntza eta enplegu egitasmoak martxan jarriko ditu Exekutiboak.
Amaieran, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Fagor datorren ostiralean hartzekodunen konkurtsoan eta datozen asteetan kitapenaldian sartuko dela iragarri du.
Aurretiko erretiroa, hezkuntza edo lanpostu berria
Kooperatibistak berriz kokatzeko, aurretiko erretiroa hartzeko edo hezkuntza egitasmoetan sartzeko konpromisoa hartu du Fagorrek, Garitanok azaldu duenez.
Hala ere, aldi baterako langileak, bazkide ez kooperatibistak, Basauriko Edesa eta Azpeitiako Grumal enpresetako langileak akordiotik kanpo geratuko lirateke.
1.000-1.200 langile datozen hilabeteetan berriz kokatzea eta aurretiko erretiroa hartzea espero du Mondragon Korporazioak, Txema Gisasola MCCKo presidenteak eta Mikel Zabala Kudeaketa Sozialeko zuzendariak bileran azaldu dutenez.
"Lanpostuekin duen konpromisoa" berretsi du Korporazioak agiri batean, eta "ahalik eta lanpostu kopururik handiena mantentzearen" aldeko apustua egin dute Gisasolak eta Zabalak. Era berean, lanpostuen "galerari aurre egiteko arlo berriak martxan jarri" nahi dituzte, "horretarako baliabideak bideratuz".
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak Fagor Etxetresnakeko zuzendaritzarekin Basauriko Edesa planta hartzekodunen aurrekonkurtsotik ateratzea adostu du. Aldundiak hiru milioi euro jarriko ditu hornitzaileak ordaintzeko eta lanean jarraitu ahal izateko. Berria Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eman du.