Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
Enplegua, Osasuna eta Hezkuntza, 2014ko Aurrekontuen ardatzak
Exekutiboaren hitzetan, 2014. urtea "gogorra eta zaila" izango da, eta ez da enplegu garbirik sortuko.
IKER GÓMEZ | EITB.COM
Eusko Jaurlaritzak 2014ko Aurrekontuen aurreproiektua onartu du gaur. Guztira 10.215 milioi euro izango ditu Urkulluren Gobernuak, aurten baino % 9,6 gehiago (9.316 milioi). Enplegua sustatzeko politikak, Osasun sistema eta Hezkuntza izango dira datorren urteko Aurrekontuaren ardatz nagusiak, horren % 75 hartuko baitute. Exekutiboaren hitzetan, 2014. urtea "gogorra eta zaila" izango da, eta ez da enplegu garbirik sortuko.
Hemendik aurrera, Legebiltzarreko taldeek bi hilabeteko epea izango dute euren emendakinak aurkezteko. Abenduaren bukaeran eztabaidatuko dute Aurrekontuen egitasmoa.
Datorren urtean, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak jasoko dituen diru-kopurua % 19,7 igoko da, bi partidaren eraginagatik. Batetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria ordaintzeko zuzkidura 384,5 milioi eurokoa izango da. Bestetik, Gizarte Segurantzarako hobarien gastua 119,9 milioi eurokoa izango da.
Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren aurrekontuak 156,7 milioi euro gehiago izango ditu, eta 130,4 hartuko dituzte aipatutako partida biek. Bestalde, Gizarte Larrialdiko Laguntzak ordaintzeko partida ere handituko du Jaurlaritzak: 3 milioi eurotik gorakoa izango da hazkundea (% 18,5).
Osasun Sailak % 2,7ko hazkundea izango du datorren urtean, batez ere Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren arteko Kontratu Programaren aurrekontuagatik. Izan ere, kontratu horrek % 3,8 egin du gora. Osasun Sailaren aurrekontu osoaren % 75,5 hartuko du.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren aurrekontuak 130,5 milioi euro gehiago hartuko ditu (% 5) datorren urtean, batez ere Sailaren beka-politikak zuzkidura handiagoa izango duelako: 80,3 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak horretara.
Unibertsitatetik kanpoko ikastetxeen funtzionamendurako eta mantentzeko gastu arruntaren finantzaketak, orobat, 10 milioi euro gehiago izango ditu; % 34,9 gehiago, alegia.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak % 9,5 gehiago izango du, inbertsio-kapituluen gorakada dela-eta. Gastuaren igoera hori Eusko Trenbideak eta Eusko Trenbide Sareak erakundeen inbertsioak estaltzera bideratuko da, Bizkaian eta Gipuzkoan trenbideko hainbat inbertsiori ekiteko adostutako beharrei aurre egiteko.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2014an % 4,9 baliabide gehiago izango ditu.
2013-2014 aurreikuspenak
Jaurlaritzaren datuen arabera, Euskadiko Barne Produktu Gordinak behera egingo du 2013an (% 1,1). Datorren urtean, berriz, "susperraldi apal eta motel" bati ekingo dio. Izan ere, urtearen amaieran % 0.9ko hazkundea izango du Euskadik.
Hala ere, Jaurlaritzak ez du aurreikusten datorren urtean "enplegu garbirik sortzea", eta langabezia-tasa % 14tik gorakoa izango da 2014 osoan. Aurten ia 20.000 lanpostu galduko dira EAEn, eta 2014an, berriz, 4.000 enplegutik gora suntsituko dira.
"Azken bi urteetan Euskadi murgilduta egon den atzeraldi ekonomiko sakonaren hondora iritsi gara; behera goaz oraindik, baina nabarmen apaldu da beherakada hori", adierazi du Jaurlaritzak.