Ekonomia -
Fagor Etxetresnak
Debagoieneko udalek banaka ikertuko dute Fagorren krisiaren eragina
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia eskualdeko udaletako alkateekin bildu da, eta "udal bakoitzak ondorioak banan-banan neurtzeko lan ildoak sortzea" adostu dute batzarrean.
Erredakzioa
Udalek eta Debagoieneko garapen agentziak Fagor Etxetresnaken krisiak eskualdeko udal bakoitzean zein eragin izango dituen aztertzeko ikerlanak egingo dituzte. Enpresak eta, oro har, Mondragon Korporazioak pisu handia dute eskualdean.
Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak bilera egin du gaur Debagoieneko udaletako (Arrasate, Eskoriatza, Oñati, Bergara, Elgeta, Aretxabaleta, Antzuola eta Leintz-Gatzaga Gipuzkoan, eta Aramaio Araban) ordezkariekin, Fagor Etxetresnakek hartzekodunen aurrrekonkurtsoa egingo duela esan eta gero eskualdea nola geratu den aztertzeko.
Batzarraren ostean diputatu nagusiak azaldu duenez, "udal bakoitzak enpresaren krisiak lehen mailan eta bigarren mailan herrian zein eragin izango dituen aztertzeko lan ildoak zehaztea" hitzartu dute. Izan ere, "krisiak ez die Fagorreko langileei soilik kalte egingo, ezpada Debagoieneko biztanle guztiei".
Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin, Mondragon Korporazioarekin eta eskualdeko garapen agentziarekin batera lan egiteko konpromisoa hartu du Garitanok. "Egoerari aurre egitea, zein baliabide publiko dauden zehaztea eta krisiaren eraginak leuntzeko horiek nola erabili asmatzea" izango dute helburu.
Egoeraren aurrean, Fagor Etxetresnaki "bideragarritasun plan zehatza egitea eta, lan hori egiteko, errealitatera ahalik eta gehien hurbiltzea" eskatu dio diputatu nagusiak.
"Guk ez dugu bideragarritasun planik egin behar", esan du Gipuzkoako agintariak, gaur arratsaldean Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuarekin bildu aurretik.
Fagor Etxetresnaken krisiaren kudeaketaren aurrean EAJk azken egunotan egin dizkion kritikei buruz, Garitanok "doilorkeriatzat" jo du gipuzkoar kooperatibaren arazoa "gezurren bidez politika egin eta onuraren bat jasotzeko" erabiltzea.