Ekonomia -
Senatuko osoko bilkura
2014an funtzionarioei aparteko soldatarik kenduko ez diela dio Rajoyk
Hala ere, ez du argitu soldatak bere horretan utziko dituen. BPGaren hazkundearen aurreikuspena % 0,5etik % 0,7ra igoko dutela aurreratu du.
Erredakzioa
2013an eta 2014an funtzionarioek aparteko soldatarik galduko ez dutela aurreratu du Mariano Rajoy presidenteak, baina ez du soldatak bere horretan utziko dituen ala ez argitu.
Senatuaren osoko bilkuran agerraldia egin du presidenteak, eta Jokin Bildarratz EAJko senatariak 2014ko Aurrekontu Orokorren lege proiektuaren inguruan egindako galderari erantzun dio.
''Ahal bezain laster'' funtzionarioen egoera hobetuko dutela ziurtatu du Rajoyk, baina oraindik defizit publikoa murrizteko neurriak hartu behar dituztela azpimarratu du. Ildo horretan, 2014ko Aurrekontuetan bekek, ikerketak, kulturak eta kirolak hobera egingo dutela ziurtatu du.
Pentsioen erreforma
Bestalde, pentsioen erreformarekin erosteko ahalmena galduko ez dutela defendatu du Rajoyk, datozen urteotan ekonomia haztea eta enplegua sortzea espero dutelako eta horrek Gizarte Segurantzan diru-sarrerak handituko dituelako.
Marcelino Iglesias senatari sozialistak egindako galderari erantzunez, Rajoyk berretsi du pentsioak ez direla inoiz bere horretan geratuko, eta balitekeela BPGaren gainetik ere igotzea.
Halaber, ostiral honetan Ministroen Kontseiluak onartuko duen pentsioen erreformarekin helburua bikoitza dela azpimarratu du: pentsioak bere horretan gera daitezen ekiditea eta, etorkizunari begira, pentsio horien bideragarritasuna bermatzea.
Hazkunde aurreikuspena igo egingo du Gobernuak
Bestalde, Gobernuak 2014rako BPGaren hazkundearen aurreikuspena % 0,5etik % 0,7ra igoko duela aurreratu du Rajoyk. Igoera hori ''zuhurtzian'' oinarrituta dagoela azaldu du, presidentearen hitzetan, adituek % 1ean kokatzen baitute Espainiako BPGaren hazkundea.