Ekonomia -

Lehentasunezko akzioak

Eusko Legebiltzarrak Belen Greaves gaitzetsi du

EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk bat egin dute, eta sozialistek eta UPyDk aurkeztutako ebazpen bat onartu dute. Jeltzaleek, ordea, Kontsumobideko zuzendariaren jokabidea babestu dute.

Belen Greaves Kontsumobideko zuzendaria. Argazkia: EFE
Belen Greaves Kontsumobideko zuzendaria.
Legebiltzarrak Belen Greaves gaitzetsi egin du

1:06

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak Belen Greaves Kontsumobideko zuzendaria gaitzetsi du, Eroski eta Fagorreko lehentasunezko akzioen auzian, bi kooperatiben jarrera babesteagatik.

Gaiaren harira, Kontsumobideko zuzendariak egindako adierazpenek oposizioa haserrarazi zuten; izan ere, elkarrizketa batean Eroskik eta Fagorrek ongi jokatu zutela esan zuen.

EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk ebazpen bana erregistratu zuten Eusko Legebiltzarrean, Belen Greavesen gaitzespena eskatzeko. Gaur, ordea, sozialistek eta UPyDk adostutako testu bat onartu dute Gasteizko ganberan. Ebazpeneko gaiak, puntuz puntu, bozkatu dituzte. EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk bat egin dute gaur, eta Kontsumobideko zuzendaria gaitzetsi dute. Jeltzaleek bestalde, kontra bozkatu dute.

Fagorren eta Eroskiren lehentasunezko akzioen harira, bi kooperatiben jarrera eta horiek merkaturatu zituen finantza erakundeen jarduna babesteagatik gaitzetsi dute Kontsumobideko zuzendaria. Oposizioaren esanetan, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestu behar ditu Kontsumobidek, eta elkarteak izan duen jarrera ikusita, ezkor agertu dira.

Halaber, aipaturiko lehentasunezko akzio horiek bertan behera uzteko neurriak hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Alderdi politiko guztiek babestu dute puntu hori.

Fagorren eta Eroskiren lehentasunezko akzioetan kapitala inbertitu duten bezeroei "berehala" dirua itzultzeko eskatu die, horiek merkaturatu dituzten finantza erakundeei. EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk alde bozkatu dute; jeltzaleek eta popularrek, ordea, kontra.

Kaltedunen arretarako zerbitzua martxan jartzeko ere eskatu diote Jaurlaritzari.

Erreakzioak

Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak oposizioko kideen jarrera kritikatu du, "lehentasunezko akzioen gaia erabili dutelako gobernuari eraso egiteko".

EH Bilduko Igor Lopez de Muniain legebiltzarkidearen esanetan, Greavesek ez du maila eman eta Kontsumobideko zuzendariaren dimisioa eskatu du. Gaineratu duenez, Jaurlaritzaren jarrera "txarra" izan da.

Txaro Sarasua sozialistak salatu duenez, Jaurlaritzak amildegiaren ertzean utzi ditu kaltedunak.

Anton Damborenea popularrak bestalde, Jaurlaritzaren gardentasun falta salatu du.

Gorka Maneiro (UPyD) legebiltzarkidearen iritziz, Belen Greavesek ezin du karguan jarraitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eroskiri buruzko albisteak Fagor Edesa etxetresna elektrikoak Eusko Legebiltzarra albisteak EAE albisteak Mondragon korporazioa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak KontsumoBIDE gaur