Ekonomia -
Mahai politikoaren ondoren
Zerga sisteman aldaketak negoziatzeko bilera-sorta abiatuko du EAJk
Atzo Urkullurekin egindako bileran ''hartutako data eta epe konpromisoen ondorio'' da bilera-sorta, jeltzaleek azaldu dutenez.
Erredakzioa
EAEko alderdi politiko nagusiekin bilera-sorta abiatuko du ''berehala'' EAJk, atzo Iñigo Urkullu lehendakariak deitutako mahai politikoan aurkeztutako proposamenak negoziatzeko. Zehazki, zenbait zergatan aldaketa ezartzeko eta iruzur fiskalaren kontrako neurriak izango dituzte aztergai.
Ohar baten bidez eman dute bilera-sortaren berri jeltzaleek. Idatzi horretan azaldu dutenez, Atzo Urkullurekin egindako bileran ''hartutako data eta epe konpromisoen ondorio'' da bilera-sorta.
Mahai politiko horretan bi dokumentu aurkeztu zituzten jeltzaleek, iruzur fiskalaten kontra egiteko plana, batetik; eta Foru Ogasunetako zerga sisteman aldaketak egiteko proposamena, bestetik.
Iruzur fiskalari aurre egiteko neurrien artean, Ogasunetako datu baseak elkarrekin komunikatzea proposatu zuen EAJk.
Zerga sisteman, berriz, zenbait zerga aldatzeko neurri zehatzak jarri zituzten mahia gainean. Zehazki, PFEZa, Sozietateen gaineko zerga, oinordekotza eta dohaintza zerga eta ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga aldatzeko neurriak dira jeltzaleek proposatutakoak. Halaber, zerga berria ''adosteko'' aukera ere plazaratu zuten.