Ekonomia -
2013. urterako Aurrekontuak
Urkulluk fiskalitatea eta diru-sarrera berriak adostea eskaini du
Lehendakariak alderdiei igorritako txostenaren proposamenetako batzuk dira horiek, EiTBk jakin izan duenez.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak EAEko zerga sistema erreformatzea, iruzur fiskalaren aurkako neurriak abiatzea eta aurten sor litezkeen diru-sarrera berriak adostea eskaini die oposizioko alderdiei, 2013. urterako Aurrekontuak adosten saiatzeko igorritako gutxieneko proposamenen txostenean.
EiTBk jakin izan duenez, txostena 17 orrikoa da, eta hainbat konpromiso jasotzen ditu, "akordioa lortzeko oinarriak" ezartzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ezinbestekotzat jo du aurrekontuen lege proiektua onartzea.
Fiskalitatea erreformatzea eta iruzurraren aurka borrokatzea (PSE-EEren eskakizunak dira horiek) ez ezik, Jaurlaritzak "sor litezkeen" diru-sarrerak eta politika publikoak adostea eta Administrazioa berriguratzea ere proposatu du. Zuzenketen eztabaidan, gainera, konpromiso zehatzagoak hitzartzeko prest agertu da.
Txostena PSE-EEri, PPri, EH Bilduri eta UPyDri helarazi diete, baina oraingoz ez do inork babestu. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea, baina, akordioa lortzeko prest agertu da.
Jaurlaritzak egoera ekonomikoaren irakurketa gordina egin du, eta aurten joera "negatiboa" izango dela aurrez ikusi du.
Halaber, diru-sarreren arloari dagokionez (aurrekontu proiektuan ika-mika gehien sortu dituena), balizko erreforma baten eragina hurrengo urtean nabarituko litzatekeela ohartarazi du.
Fiskalitatea eta iruzurraren aurkako borroka
Txostenak iruzurraren aurkako plan bat abiatzea eta PFEZa eta elkarteen gaineko zergak erreformatzea proposatu du. Azken hori PSE-EEk eta EH Bilduk mahaigaineratutako eskaera da.
PFEZ zergaren dagokionez, Urkulluk "ekitate, progresibitate, neutraltasun, gardentasun eta sinplifikazio" irizpideen arabera erreformatzea iradoki du. Elkarteen gaineko zergaren arloan, ekonomia sustatzeko baliagarriak diren pizgarriei eutsi nahi die lehendakariak, eta helburu hori betetzen ez dutenak kendu. Kapitalizazioa sustatzeko eta nazioartera atera ahal izateko neurriak ere abiatu nahi ditu.
Lehendakariak ondorengotzen eta dohaintzen zergak ere ukitzea eta apostuen zerga sortzea proposatu du.
Diru-sarrera berriak
Eusko Jaurlaritzaren ustez, Europako Batzordeak defizit mugak malgutzen baditu, baliabide ekonomiko handiagoak izango dituzte. Horrenbestez, hori hala gertatzen bada, diru-sarrera berri horiek talde parlamentarioekin hitzartzea eskaini du.
Lehendakaria politika publikoak itauntzeko prest agertu da, eta EAEko Administrazioa argaltzeko konpromisoa hartu du. Azken hori PPren eta UPyDren nahia zen.