Ekonomia -
Greba orokorra
Euskal gehiengo sindikala greba orokorra deitzea aztertzen ari da
ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuek grebarako deialdia noiz egin erabakiko dute datozen egunetan, ELAk baieztatu duenez.
Erredakzioa
Greba orokor berri bat egingo dute Euskal Herrian. ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuek eta ia 50 kolektibok greba orokorra deituko dute, eta laster erabakiko dute maiatzaren 30ean edo beste egun batean izango ote den, ELAk baieztatu duenez.
"Gobernu guztiak, ñabardura azpimarragarririk gabe, politika neoliberalak aplikatzen ari dira", salatu dute sindikatuek El Diario Nortek zabaldu duen agiri batean. "Erreforma bati, beste batek jarraitzen dio; murrizketa bati, beste batek jarraitzen dio", adierazi dute sindikatuek.
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko buruaren hitzetan, maiatzaren 30az gainera beste data batzuk ere aztertzen ari dira. ''Garrantzitsuena ez da data jartzea. Mota honetako erantzunekin bultzatu nahi dugunaren inguruko akordio sozial sendoak lortzea da garrantzitsuena'', esan du Etxaidek.
LAB sindikatuko buruak esan duenez, ez dira UGT eta CCOO sindikatuekin elkartu, baina, Etxaidek iradoki duenez, baliteke bi sindikatu hauek helarazi izana komunikabideei grebarako data.
Jaurlaritza: ''Ez du ezer konpontzen''
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuaren hitzetan, greba orokorra deitzeko asmoa ''ez da albiste ona inorentzat'', haren hitzetan ''ez duelako ezer konpontzen''. ''Are gehiago: jokalekua lokaztu dezake eta partida jokatzea zailagoa egin'', gaineratu du.
"Nik beste galdera bat luzatuko nuke: Greba orokorra eginda... Biharamunean zer? Biharamunean dena konpondu al dugu?'', galdetu dio bere buruari.
Arrazoiak
Agiria sinatu duten sindikatuen arabera, nahiz eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzara heldu "ortodoxia neoliberal berdinak" jarraitzen du, "eraso berriak pairatzen ari gara, EAEn zein Nafarroan: historiako aurrekonturik antisozialenak, atzeraldiaren eta zerbitzu publikoak hondatzearen aldeko apustu bat dira; politika fiskal bidegabea aldatzeari uko egiten diote; soldatei eraso egin diete; sektore publikoan negoziaketa kolektiboa ezabatu nahi dute, aldebakarreko aplikazioak eginez; diru-laguntza sozialen murrizketak...".
Agiriaren arabera, "gobernuak jota daude" eta "txandakatze politikoa ez da nahikoa; gobernuetako alderdiak aldatzearekin ez da nahikoa, politikak aldatzen ez baldin badira".
Estreinako greba Urkullurentzat
2007tik zortzigarren greba orokorra argudio horiekin deitu nahi dute sindikatuek. Horrela, Urkullu lehendakariari abisua eman nahi diote, Lopezi egin bezala.