Zinema
Filmatzea
N. V. | EITB Media
Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga dira euskarazko filmaren protagonistak. "Zoritxarrarekiko erresilientziari eta gizakiaren biziraupenaren aldeko betiereko borrokari buruzko western tragikoa" izango da.
Igor Legarreta eta Urko Olazabal. Argazkia: © Nicolás de Assas.
Martxoaren 13an, Igor Legarreta zuzendaria (Ilargi guztiak, Cuando dejes de quererme) Inurri Itsuak pelikula filmatzen hasi zen, eta hamar astez jardungo da lantaldea beharrean Bizkaiko hainbat tokitan (Bilbo, Elorrio, Galdakao, Getxo, Gorliz, Mundaka….); agertoki naturalak eta dekoratu handiak uztartuko dituzte.
Filmaren protagonistak Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga, Unax Hayden eta Patxi Bisquert dira, eta ondoan izango dituzte Carlos Santos, Dani Cabrera, Kimetz Etxabe, Markel Martinez, Anuk Puértolas eta Elena Uriz.
Filma euskaraz idatzi dute Legarretak berak eta Andoni de Carlosek (Faisaien irla, Handia), Las ciegas hormigas Ramiro Pinilla getxoztarraren eleberrian (Nadal saria, 1961ean) oinarrituta.
Itziar Ituño, 'Inurri itsuak' filmatzen. Argazkia: Nicolás de Assas.
Legarretaren hitzetan, "zoritxarrarekiko erresilientziari eta gizakiaren biziraupenaren aldeko betiereko borrokari buruzko western tragikoa" izango da EITBren parte-hartzea duen filma, "humanismoz beterikoa".
Hau da filmaren sinopsia: Bizkaia, 1935. Denborale gogor baten ondorioz, ikatz-tonaz beteriko itsasontzi ingeles batek hondoa jo du. Gauez, Algortako bizilagunak itsasertzean pilatzen dira urre beltza eskuratzeko. Sabas Jaureguik aukera paregabe ikusi du gertakari horretan; Josefa haren emaztearentzat, zantzu txar bat da. Emaztearen erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitz bortitzerantz eramango ditu seme-alabak. Familiak pentsaezina egingo du negutik salba dezakeen edo betiko kondena dezakeen ikatza babesteagatik.
Hirugarren film luzea du Inurri itsuak Igor Legarretak (Leioa, 1973), 2017an Cuando dejes de quererme eta 2020an Ilargi guztiak zuzendu eta gero.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa