Zinema
Sariak
N. V. | EITB Media
Asteburuan Oscarrak eman aurretik, Edward Bergerrek kardinalen bilerari buruz eginiko filmak aktore talde onenaren saria irabazi du bart.
Sergio Castellitto, John Lithgow, Isabella Rossellini eta Ralph Fiennes (Conclave). Argazkia: Efe.
"Conclave" kardinalek aita santu berria aukeratzeko egiten duten bilerari buruzko lanak SAG Hollywoodeko Aktoreen Sindikatuko sari nagusia, antzeztalde onenarena, irabazi du bart, Timothée Chalametek, ustekabean, gizonezko aktore onenaren saria irabazi duen gau batean.
"Conclave" Edward Bergerren filma nagusitu da bart Hollywoodeko Aktoreen Sindikatuaren sarietan, antzeztalde onenaren atalean, eta "Anora" Sean Bakerren filmari gailendu zaio horrela, horrek Critics Choice Awardsetan, Spirit sarietan eta Hollywoodeko Ekoizleen Sindikatuaren sarietan film onenaren saria irabazi eta gero, baita "Wicked", "The Brutalist" eta "Emilia Perez"i ere.
¿Bestalde, Timothée Chalametek ezustekoa eman du, eta gizonezko aktore onenaren saria irabazi du "A complete unknown" filmean Bob Dylan musikaren mitoarena egiteagatik.
Demi Moorek emakumezko aktore onenaren saria eraman du, "The substance" beldurrezko filmean egindako lanagatik. Urrezko Globoa ere ekarri zion paper horrek, eta oraingoan ere Mikel Madison "Anora"ko aktore protagonistari gailendu zaio bion arteko buruz burukoan, horrek kritikarien saria berendu eta gero.
Demi Moore, bart saria jasotzen. Argazkia: Efe.
Zoe Saldañak aurreikuspenak bete, eta bigarren mailako emakumezko aktore onenaren saria irabazi du "Emilia Perez" filmari esker.
Gizonezkoen atalean, Kieran Culkinek eraman du golardoa, "A real pain" filmean egindako lanagatik.
Sarien denboraldia martxoaren 2an bukatuko da, Euskal Herrian martxoaren 3ko goizaldea denean, orduan banatuko baitituzte, Los Angeleseko Dolby antzokian, Oscar sariak.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa