11:19

Zinema

Urriak 16-21

Beti berria den zinema erakutsiko du Euskal Zine Bilerak

N. V. | EITB Media

Euskarazko zinemaren Lekeitioko jaialdiaren 47. edizioa egingo dute urriaren 16tik 21era. Aurten, Itziar Ituño aktoreak jasoko du Euskal Zinemaren Begirada saria.

  • Amaia Lejarretak ''Erro'' film laburra erakutsiko du Lekeitioko jaialdian

    Amaia Lejarretak "Erro" film laburra erakutsiko du Lekeitioko jaialdian

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa abiatuko du hilaren 16an, eta zinemak sei egunez argituko ditu pantailak Bizkaiko kostaldeko herrian, hilaren 21era arte, "Beti berria den zinea" lelopean. Aurten, "belaunaldi berriak ikus-entzunezkoen alorrera gehiago hurbiltzea" izango du helburu jaialdiak.

Proiekzioak, solasaldiak, tailerrak eta, batez ere, euskarazko zinema izango dira jaialdiaren ardatza. Sail Ofizialean, 20 film lehiatuko dira Urrezko Antzarra lortzeko, besteak beste hauek: Amets hegalariak (Arrate Fernandez), Plazer bat (Sonia Estevez), Puzzleak, bortxaketaren jauregia (Kote Camacho), Erro (Amaia Lejarreta), Dena asmatuta  dago (Jone Arriola), Alas/tierra (Maddi Barber), Ximinoa (Itziar Leemans), Utländsk (Alba Lozano) eta Betiko gaua (Eneko Sagardoy).

Lan horiek guztiak izango dira sariak lortzeko hautagaiak: film onenaren saria (Urrezko Antzarra eta 3.000 euro), zuzendaritza onenaren saria (Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro), gidoi onenaren saria (Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro), Benito Ansola saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat, 1.000 euro) eta EITB Ikusleen saria (750 euro).

Film, zuzendari eta gidoi onenaren irabazleak aukeratzeko arduradunak Ainara Elgoibar artista, Martxelo Rubio aktorea eta Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazlea izango dira, eta sari banaketa urriaren 19an egingo dute, 19:30etik aurrera, Ikusgarri zinema-aretoan.

Egun horretan bertan, Itziar Ituñok Euskal Zinemaren Begirada saria jasoko du, "euskal ikus-entzunezkoen alorrean egindako ekarpen berezia" aitortuko baitio jaialdiak "lurralde zein hizkuntzaren mugak igaro dituen aktore euskaldun eta euskaltzaleari".

Biharamunean, urriaren 20an, Zortzitik infinitura Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten dokumentala egongo da ikusgai Ikusgarri zinema-aretoetan, 17:30etik aurrera, Naia Laka zuzendaria, Miren Agur Meabe pelikularen gidaria eta Xabier Villalba ekoizlea bertan direla. Benito Ansola zinemagilearen bizitza oinarri hartuta, euskal zinemagintzaren historian bidaiatzea proposatzen du filmak.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena