20:09

kultura

Musika

Gatibuk hirugarren kontzertu bat eskainiko du 2025eko abenduaren 6an 25 urteko ibilbideari amaiera emateko

EITB Media

Sarrerak astelehenean jarriko dira salgai, 12:00etan. Agurreko lehen kontzerturako sarrerak bi ordu eta erdian agortu ziren, eta bigarren kontzerturakoak ere bi ordu baino gutxiagoan saldu ziren.

  • Gatibu. Irudia: EITB

    Gatibu. Irudia: EITB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gatibu taldeak hirugarren kontzertu bat eskainiko du 25 urteko ibilbideari amaiera emateko. Kontzertua 2025eko abenduaren 6an izango da, Bizkaia Arenan (BEC), eta sarrerak astelehenean jarriko dira salgai, 12:00etan.

"Ia bi aste pasa dira azken bi kontzertuetako sarrerak agortu zenituztela jakin genuenetik, eta oraindik ametsetan jarraitzen dugula iruditzen zaigu. Gatibu proiektua hasi genuenean, sekula ez genuen imajinatuko zuen alboan 25 urteko ibilbidea egin eta horrela amaituko genuenik, zuen babes eta maitasunez inguratuta", azaldu dute taldeko kideek Instagram sare sozialean.

"Dena merezi duzue, eta nahi beste eman ezin badizuegu ere, bada zuengatik egin ahal dugun zerbait. Lantaldean bilera ugari egin ditugu egun hauetan, milaka dei, bazter guztiak nahasten ibili gara… baina lortu dugu. Badator hirugarrena", erantsi dute.

Agurreko lehen kontzerturako sarrerak bi ordu eta erdian agortu ziren, eta bigarren kontzerturako sarrerak ere bi ordu baino gutxiagoan saldu ziren.

Bi hitzorduetarako sarrerak agortuta, Gatibuk iragarri zuen ez zuela baztertzen hirugarren kontzertu bat ematea, eta gaur baieztatu du.

Alex Sardui buru duen taldea 2025ean desegingo da, 25 urteko ibilbidea betetzen duen urtean, hain zuzen ere. Gatibuko egungo hiru kideek, Alex Sarduik, Haimar Arejitak eta Gaizka Salazarrek, ETB1eko 'Biba Zuek' saioan baieztatu zuten euren agurra: "2025ean taldeak 25 urte beteko ditu, eta uzteko urte oso ona dela erabaki dugu".

"Ez dugu eztabaidarik izan, naturala izan da. [...] Pena handia ematen du, baina, aldi berean, pozik eta gogotsu gaude, eta falta denarekin", gaineratu zuten.

2000. urtean ekin zion bideari Gernikako taldeak, eta hamar disko plazaratuta utziko dituzte agertokiak. Euskal Herri osoan ez ezik, mundu zabaleko herrialde askotan ere itzala izan dute horren doinu dantzagarriek azken urteotan.

Mende laurdenean, euskal musikaren abesti handienetako asko sortu ditu Gatibuk, hala nola Musturrek sartunde, Lorak eskeintzen, Zeu, zeu, zeu!, Euritan dantzan eta Gabak zerueri begire.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena