kultura
Musika
EITB Media
Irundar musikariak 'Fermin Muguruza 1984-2024' kontzertuko sarrera guztiak saldu ditu goizean, eta beste kontzertu bat egingo du biharamunean, abenduaren 21ean, toki berean, Bilbao Arena pabilioian. Bigarren kontzertu horretarako sarrerak ostegun honetan, apirilak 25, jarriko dituzte salgai.
Fermin Muguruza irundar musikariak. Argazkia: Carlos Marti
Fermin Muguruzak Bilbao Arena Bilboko pabilioian abenduaren 20an emango duen kontzerturako sarrerak bukatu egin dira. Ordu batzuetan saldu dituzte gaur salgai jarritako 8.000 txartelak
Edonola ere, musikazaleek bigarren aukera bat izango dute Muguruzarekin batera haren ibilbide musikala ospatu eta zentsura salatzeko. Biharamunean, abenduak 21, ere joko du Muguruza buru izango duen hamar laguneko taldeak, toki berean, Bilbao Arenan.
Bigarren kontzertu horretarako sarrerak ostegun honetan, apirilak 25, jarriko dituzte salgai 10:00etan www.muguruzafm.eus helbidean.
Antolakuntzatik nabarmendu dute ez dela hirugarren kontzerturik izango. Astearteko lehen ordutik ikusmin handia sortu da lehen kontzerturako sarrerak eskuratzeko, eta momentu batzuetan 70.000 eskari baino gehiago jaso dira aldi berean. Muguruzak jasotako harrera eskertu nahi izan du, eta, hori dela eta, bigarren kontzertu bat iragarri du Bilbao Arenan.
"Azken egunetan sortutako ikusmina olatu erraldoi batean bihurtu da gaur goizean. Sekulakoa egin duzue! Hori dela eta, sarrerarik gabe geratu diren milaka pertsonei bigarren aukera bat eskainiko diegu. Hori bai, ez da hirugarren Miribillarik egongo", azaldu du artistak.
"Kontzertu hauek zentsuraren eta azkenaldian herri gisa jasaten ari garen eskuin muturraren erasoen aurkako festa izatea nahi dut. Hor daude Valentzian nire omenez egindako horma irudiagatik inputatu duten ikastetxe bateko zuzendaria eta zuzendaritza-kontseiluko 5 irakasle, edota Itziar Ituñoren edo Athleticeko jokalarien aurkako erasoak 'Sarri, Sarri' abesteagatik. Oso argi eta ozen esan nahi diet: Abenduaren 20an eta 21ean 'Sarri, Sarri' eta beste hainbat abesti gure indar guztiarekin kantatuko ditugu, herri honetan zentsuraren gainetik aurrera egiten dakigula erakusteko", nabarmendu du Muguruzak.
Lehendabiziko kontzertuaren sarrerak, agortuta.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa