Musika
Fermin Muguruzari omenaldia
Natxo Velez | EITB Media
Verde Pratok, Hofe x 4:40k eta Nakar taldeak Fermin Muguruzaren 40 urteko ibilbide musikala ohoratuko dute ostegunean, urriak 31, Bilboko Kafe Antzokiko oholtzaren gainetik. Hoferekin hitz egin dugu, irundar musikariaren bideaz.
Hofe x 4:40
Joan-etorriko artefaktua da musika baliotsua: iraganetik hartu, orain sortu eta gerora ematen da sorkari erritmiko eta melodikoa, halabeharrez. Hori presente izan dute eta izaten dute esker oneko sortzaile ernaiek, dela Johnny Cash beterano batek, bere ibilbidearen hondar aldian, Nine Inch Nails talde modernoago baten proposamenari irekita, dela –zer dakit nik, hamaika adibide daude– Sara Zozayak eta Benito Lertxundik elkarrekin kantatzen Benetan kantuan (Sara Zozaya, I, 2020).
Johnny Cash, "Hurt" Nine Inch Nails taldearen kantuaren bertsioa egiten
Etsenpluak ugari dira, esan bezala, musikaren orainaren, iraganaren eta etorkizunaren arteko besarkadez ari garela; Fermin Muguruza musikariak, esaterako, euskal musikagintzaren katebegi berriagoen esker ona jasoko du ostegunean, urriak 31, toki ezin hobetik, Bilboko Kafe Antzokiaren agertoki gainetik.
Verde Prato musikariak, Hofe x 4:40 Igotz Mendez Hofe abeslariaren eta Xabier Lafuente eta Marcos Galech ekoizleen proiektuak eta Nakar taldeak Fermin Muguruzaren 40 urteko musika ibilbidea (Kortatu, Negu Gorriak, Fermin Muguruza eta Dut, bakarkako ibilbidea…) ospatuko dute, kantuan; "kantatzen du(e)n herri bat ez da inoiz hilko"-eta, jakina denez.
"Zu atrapatu arte" Kortaturen bertsioa, Verde Pratoren ahotsean
Bime musika industriaren profesionalen Bilboko topaketak antolatu du osteguneko emanaldia, eta, horren kari, hainbat aldiz subjektu gisa gauzatu duen belaunaldi arteko omenaldia bueltan etorriko zaio Irungo musikariari, iragarri zutenetik arreta handia erakarri duen munduko bira abenduan abiatu aurretik. Izan ere, ezin konta ahala omenaldi egin ditu Muguruzak bere obran (Mikel Laboa, The Clash, Rich Kids on LSD, Toots and the Maytals, Fugazi, M-ak…) eta aurrera ere begiratu du, esate baterako, Dut talde gazteagoari batuta 1997an Ireki Ateak diskoa plazaratzeko.
Orain, Verde Pratok, Hofe x 4:40k eta Nakarrek bere musika nola interpretatzen duten entzuteko parada izango du Muguruzak, eta guk Hoferekin hitz egin dugu, atariko gisa, kontzertuaren aurretik.
Zein da Fermin Muguruzarekin lotuta daukazun lehen oroitzapen musikala?
Lehen oroitzapen musikala hori baino lehenagokoa izango da seguru, gurasoek Kortatu, Negu Gorriak eta Ferminen bakarkako musika entzuten baitzuten, txikia nintzenean.
Baina galdera honek Eñaut ekarri dit burura, nire lagunik onena. Iruñerria Jamaica Clash reggae kolektiboko kidea zen, eta garai horretan asko hitz egin genuen Ferminen ibilbideari buruz: Euskal Herria Jamaika Clash eta Asthmatic Lion diskoak…
Zer esangura dute zuretzat Kortatuk, Negu Gorriakek eta Fermin Muguruzaren bakarkako bideak?
Ferminek, Iñigok-eta egindakoak puntu eta bereiz jarri zuen Euskal Herriko kulturan; gure nortasuna mundu osora hedatu zuten, eta hedatzen dute.
Ferminek aurrea hartu dio beti bere garaiari, nire ustez: beti soinu berrien bila, ideia berriak lantzen.
Fermin Muguruza. Argazkia: Ricardo Rubio,
Nola deskribatuko zenioke Muguruzaren bidea eta ekarpena sekula haren berririk izan ez duenari?
Beti musika berritzailea egitea bilatu duen pertsona bat dela esango nioke, hainbat soinu nahasi dituena, musika berriaren bila.
Eta zer kantu jarriko zenioke Muguruza aurkezteko?
Ibilbide hori edo eboluzio hori adierazten duten hainbat kantu jarriko nizkioke pertsona horri. Lehenengo maketetatik hasi, gero Negu Gorriak, Dutekin egindako diskoa, Euskal Herria Jamaika Clash…
Artistaren eboluzioa nabarmenduko nioke, kantu ezberdinen bidez.
Zerk lotzen ditu zure musika edo musikaren gaineko zure ikuspegia Fermin Muguruzaren obrarekin?
Lotura dezente dagoela esango nuke. Nik ez dut neure burua estilo konkretu batera mugatzen, eta gustuko dut musikarekin jolastea: soinu berriekin probak egin, loturak bilatu eta aurkitu…
Uste dut horrek asko lotzen duela gure mobida Ferminek egiten duenarekin.
Joango zara Ferminen 40. urteurreneko birako kontzerturen batera?
Bai, oraingoz bi kontzertutara joango naiz: Bilboko kontzertura, Miribillakora, eta, datorren urtean, Anoetakora. Hori oraingoz, espero dut besteren batera ere joatea.
Zein kantu ez jotzea ez zenioke barkatuko eta zeinetan lagundu nahiko zenioke zuzenean?
Ez nioke barkatuko Amodiozko kanta ez kantatzea. Nire kanta gustukoena da, eta berarekin kantatuko nuke, noski.
Zer esango zenioke (esan diozu/esango diozu) Fermini aurrez aurre? Zer mezu helarazi nahiko zenioke?
Hainbat gauza. Bere ibilbideari buruz galdetuko nioke, eta, egia esan, izan dut jada berarekin horri buruz pixka bat hitz egiteko aukera.
Izugarria iruditzen zait Fermin entzutea, giza entziklopedia bat da.
Zer asmo edo aurreikuspen dituzu zure musika proiektuarekin?
Oraingoz, disfrutatzea, egiten dugunarekin gozatzea. Beti ibiltzen gara hurrengo pausoaren bila, eta orainaz gozatzea ahazten zaigu.
Beti jo eta ke lanean, beti disfrutatzen, baina orainean bizitzen saiatzen ari naiz.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa