09:18

Musika

Elkarrizketa

Oki Moki: "Gauza gutxirekin asko transmititzen duten kontzertuak maite ditugu"

Natxo Velez | EITB Media

Getariar pop punk taldeak Kobetamendin joko du gaur, larunbatarekin, Bilbao BBK Liveko azken gauean. "Barnetik ateratako emozioz beteriko kontzertua" agindu diete bertaratzen direnei.

  • 17:30ean hasiko da Oki Mokiren kontzertua Bilbao BBK Liven

    17:30ean hasiko da Oki Mokiren kontzertua Bilbao BBK Liven

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bilbao BBK Live jaialdiaren hirugarren eta azken jardunaldian inor neka-neka eginda egotera, Oki Mokiren doinu azkar baina gozoek bizigarri ederra eskainiko diote nagiak ateratzeko. Getariar bikoa izango da Kobetamendiko ateak itxi eta berehala jotzen lehenengoa, 17:30ean, Beefeater agertokian, hiruko formatuan, Bilboko jaialdira egingo duten lehen bisitaldian.

Getariarrak Working Class Pop 2020ko diskoarekin ireki zuten zikloa ixten ari dira aurtengo udan, eta aukera ederra izango da Bilbokoa Paula Estevezek eta Aritz Aranburuk sortutako kantuak hirukote formatuan berriz entzuteko.

Iazko udaberrian "Space Demo" EPa kaleratu, eta lan hori aurkezten aritu zarete. Zein puntutan dago Oki Moki oraintxe?

Iazko udaberrian argitaratu genuen "Space Demo" EPa, bira baterako. Disko ofizial bat baino gehiago, kasete formatuan argitaratu genuen B alde moduko esperimentazio ariketa bat izan zen.

Ordutik, disko luze berria konposatzen ari gara, eta urte honen bukaeran grabatzeko asmoa dugu. Uda honetan, Working Class Pop diskoan abiatu genuen zikloa itxiko dugu, eta hurrengo urtea disko berri horretan oinarriturik hastea espero dugu.

Egonak zarete aurretik Bilbao BBK Live jaialdian?

Ez gara inoiz BBK Liven egon. Urtero, kartelak ikusi ditugu, baina ez dugu bertan izateko aukerarik izan.

Aurten bizipen bikoitza izango dugu: oholtza gainean eta publiko gisara.

Zuentzat zer da funtsezkoa Oki Mokiren kontzertuetan? Zer aurkituko du bai ala bai publikoak zuen emanaldi batean, jaialdi batean zein areto txiki batean izan?

Hiru pertsonako formatuan gabiltza; beraz, gure emanaldiak zuzenak eta erraietatik ateratakoak direla esango genuke. Pop zaratatsua, indie koruak eta garage-punk kutsuko urgentzia. Biluziak, artifizio gehiegirik gabekoak, baina barnetik ateratako emozioz beterik.

Gauza gutxirekin asko transmititzen duten oholtzaratzeak maite ditugu, pertsonen gardentasuna agerian jartzen duten horiek.

Oki Moki

Oki Moki

Jaialdiko zein beste talde ez duzue galduko?

Alvvays eta Los Bitchos ikusteko gogoa dugu, baita, arratsaldean, Mulatu Astatke pixka bat ere; musika afrikarra maite dugu, eta pozgarria da musika garaikideko jaialdi batean tarteka horrelako proposamenak aurkitzea.

Gauean, berriz, Mujeres ikustera joango gara: lagunak dira eta gehiagotan ikusi ditugu, baina ilusioa egiten du jende ezaguna oholtza handi batean ikusteak.

Non egingo zenukete zuen ametsezko jaialdia eta zer talde ez ziren faltako kartelean, Oki Mokirekin batera?

Zuhaitz artean izango zen, bainu bat hartzeko erreka baten ondoan. Garage punka, popa, dub esperimentala, elektronika ambientala, kraut-rocka eta abar nahastuko lituzke.

Bat-batekoan, Wavves, The Babies, Japanther, Goat, Tinariwen, Brian Eno, Terry Riley, Tangerine Dream, Chris Knox, Martin Newell, Beat Happening, Beach House, Tycho, Molchat Doma, Sad Lovers & Giants, John Maus…

Zer asmo eta helburu dituzue epe ertain eta luzean? Kantu berririk bai, esku artean?

Kantu berri asko ditugu esku artean, eta urtea bukatu aurretik disko luzea grabatzea espero dugu.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena