08:54

Musika

Elkarrizketa

Ezezez: "Bidea da gure elikagaia"

Natxo Velez | EITB Media

Bilbotarrek "Katuzaldia", taldea euskal musikagintzan koska bat gorago kokatu duen diskoa, aurkeztuko dute Bilbao BBK Live jaialdiaren bigarren jardunaldian: jarrera punka, melodia gustagarriak, iluntasuna, lelo eraginkorrak, erritmo dantzagarriak, rock energia…

  • Ezezez

    Ezezez

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal taldeen poker batez esnatuko da Bilbao BBK Liveren bigarren jardunaldia Kobetamendin. Ateak ireki eta berehala izango dira entzungai Silitia bilbotar bikoa (17:30, Beefeater agertokia), Ezezez gaurko gure protagonista rockeroak (17:35, San Miguel), STR pop elektronikoko taldea (18:00, Firestone) eta Melenas pop dirdiratsu eta onirikoko iruindar laukotea (18:30, Nagusia).

Eguneko musika eskaintza abiatuko duen laukote horretako bigarrenak, Ezezez taldeak, ustekabe handia eman du Katuzaldia iazko urte amaieran kaleratutako diskoarekin. Punk jarrera, melodia zaintzeko jaidura, rock indarra eta, oroz gain, detaileen gaineko ardura erabatekoa (kantuak aberasten dituzten xehetasunak ugari aurkituko ditu belarri erneak) diskoratu dute lan horretan, eta ausartzia, areto txikietako intentsitatea eta izerdia darien kantuok agertoki handira eramango dituzte gaur, ostiralarekin, Bilbao BBK Live jaialdiko San Miguel agertokiaren talaiatik.

Unai Madariagarekin (ahotsa eta gitarra) hitz egin dugu.

Jo eta jo ari zarete Katuzaldia argitaratu zenutenetik. Nola bizitzen ari zarete taldeak ekarri dizuen momentu hau?

Asko gozatzen ari gara. Azkenean, zuzenekoa da gehien disfrutatzen duguna, eta urte erdian espero genuen baino kontzertu gehiago eman ditugu.

Espero ez genituen lekuetara eraman gaitu diskoak, baina mamia biran zehar eman ditugun kontzertu txikietan dago niretzat: gaztetxeetan, leku autogestionatuetan, kolektibo ezberdinek antolatzen dituzten kontzertuetan…

Zer altxor gorde nahiko zenituzkete orain arteko bidetik eta zer kostatu zaizue gehien, halakorik izan bada, mugimendu handiko bolada honetan?

Niretzat, altxor handiena prozesua bera da, non hasi eta nora heldu zaitezkeen ikustea. Bidea da gure elikagaia. Gainera, diskoa modu guztiz autogestionatuan egin dugu: produkzioa, grabazioa, diseinua…

Laurok egin dugun zerbaitek tirada hau izateak harro sentitzeko baimena ematen digu.

Ezezez

Ezezez

Popa, punka, grungea, rocka, garagea… Hori guztia eta gehiago entzun dugu Katuzaldia-n, baina nolakoa da Ezezez-en kontzertu bat, zuen hitzetan?

Energiaz beteriko kontzertuak izaten dira, eta ikuslearekin konektatzea lortzen dugu gehienetan. Harreman horretan sortzen da kontzertua berezia izateko beharrezko bultzada.

Azkenean, kontzertu bakoitza mundu bat da, baina guztietan egoten da ondo pasatzeko nahi hori, dantza egiteko arduragabekeria, lotsabakotasun hedonista. Guztioi ongietorria ematen diegula erakusten saiatzen gara batez ere, espazio seguruak nahi baititugu gure zuzenekoetan.

Gogoan dut behin, kontzertu baten ondoren, bi feedback ezberdin izan genituela: batek kontzertu osoa barreka eman zuela esan zigun, eta besteak aiahuaska erritual batetik hurbilen kokatu zuen esperientzia izan zela; beraz, hori izan daiteke gure kontzertuetan topatu daitekeena.

Bestalde, bakoitzak esperientzia ezberdina izan dezakeela ere erakusten du horrek (kar-kar).

Egongo zineten aurretik ere Bilbao BBK Live jaialdian. Zer oroitzapen dituzue jaialdiarekin lotuta?

Horrelako jaialdiek alde onak eta txarrak dituzte, baina positiboa izaten saiatuko naiz, burugogor ez jartzearren.

Azkenean, beste lekuren batean nekez ikusiko dituzun talde gustukoen zuzenekoak gozatzeko aukera ematen dizu. Aurreko urtean rider modura ibili nintzen lanean, eta, momentu bat nabarmentzearren, Idlesen kontzertua eszenatokiko ertzetik ikusi nuen, Arctic Monkeysekoak alboan nituela.

Orain horretan pentsatzen dut eta erridikulua egiten zait, erridikulu berba imajinatzen zaila den zerbait moduan erabilita…

Aurtengo karteleko zer beste talderen kontzertua ez duzue inola ere galduko?

Niri ametsa iruditzen zait Albert Plarekin kartela partekatzea.

Eta orain, zer? Zein dira Ezezezen hurrengo pauso eta asmoak?

Udan disko berria grabatuko dugu, eta ikusiko dugu noiz atera. Ez dugu presarik eduki nahi, Katuzaldia goizegi ez jubilatzearren, baina seguruenik datorren urte hasierarako kanpoan izango da hurrengoa.

Udazkenean eta neguan, Espainia osotik ibiliko gara biraren bigarren zatiarekin: Sevilla, Granada, Katalunia, Galizia eta beste toki asko bisitatuko ditugu; beraz, badugu lana, bai.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena