12:20

Musika

Kronika

Idles, iraultza samurraren marruma

Natxo Velez | EITB Media

Bristolgo boskoteak publikoa gogobete du bart Bilboko kontzertuan, bere punk katartiko eta kontzientziadunaren bidez, emanaldi sutsu, bizi eta bizigarrian.

  • Idles, bart Bilbon Argazkia: B. V.

    Idles, bart Bilbon Argazkia: B. V.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hutsuneek bizi gaituzte. Hats hartzea ahalbidetzen diguten bideak behar ditugu tarteka-marteka, putzu eta putzu artean, agintari urliek "laguntzeko" (gehiago? berriz ere betikook? zertarako?) eskatzen diguten bitartean edo kasuan kasuko zingiratik indartsuago aterako garela (kar-kar) agintzen diguten bakoitzean. Bart, Idlesek adore apur bat eskaini digu itomen kolektibo eta pertsonaletan, Santana 27 Bilboko aretoan eman duen ordu eta erdiko emanaldi suharrean; bada zerbait.

90 minutu zehatzetan, ordutegia zehatz-mehatz betez eta abaila betean (ez da inongo geldialdirik egon, nahiz eta kantuen afinazio ezberdinen kariaz hamaika aldiz aldatu dituzten tresnak), Idlesek hogei bat kantu interpretatu ditu tregoarik gabe.

"Colossus" bere bigarren diskoa irekitzen duen kantuarekin hasi, eta "Rottweiler" lan hori ixten duen kantuarekin bukatu bitartean, bost musikariek lau diskoen errepaso zikliko eta kementsua egin dute, "Brutalism" (2017) eta "Joy as an act of resistance" (2018) bat-batekoagoak eta kanonikoagoak eta "Ultra Mono" (2020) eta "Crawler" (2021) gorabeheratsuagoak eta sakonagoak (soinu lodiagoa dute, sekuentzia eta sintetizadoreei esker).

Jon Beavis bateriaren kolpe ikusgarriek (irmotasun eta erregulartasun erakustaldia, 90 minutuan), Adam Devonshireren baxu sarkorrak, eta Mark Bowenen eta Lee Kiernanen gitarrek apainduta, zeinak lehen bi diskoetan efektiboago aritzen baitira eta azken bi diskoetakoetan disonante, zaratatsuago eta apaingarriago, Joe Talbot kantariak punkaren amorruz eta indarrez, raparen kadentziaz eta fraseatze egokiz ("The Beachland Ballroom", "MTT 420 RR"…) bota ditu bere hitz bizkorgarriak.  

Publikoak gogoz parte hartu du lehengoen zaporea hartu duen kontzertuan, punkaren bortizkeriaz baina estilo horren jatorrizko nihilismotik ("no future") urrun dauden leloak kantatuz, ahotan hartuz humanismoz beteriko mezuak, bere buruari garrantzi neurrigabea eman gabe ("zaborra naiz", kantatzen dute "I'm scum"en), baina presazkoa denari dagokion garrantzia emanez botatakoak ("inork hitz egingo balizu zuk zeure buruari hitz egiten diozun bezala, muturrekoa emango nioke. Maitatu zeure burua", esaten dute atzo entzun ahal izan genuen "Television" kantuan). Jauzi eta izerdi artean, hizpide izan dira maskulinitate toxikoa, migrazioa (hunkigarria "Danny Nedelko" oihu betean entzutea), zaurgarritasuna, errukia, zaintza, adikzioak…  

Idles, anoche en Bilbao

Idles, bart Bilbon

Idlesentzat, kontua ez da saihestezintzat saltzen digutenaren abaroan bertan goxo gelditzea, bidea ez da, berebat, nork bere burua ihesbide-aisialdiari soilik eskaintzea, ezpada gauzak elkarrekin aldatu, nork bere burua aldatuta lehenengo.

Idlesek pogoak eta besarkadak proposatu ditu bart, eta baita asmatu ere. Publikoa abegi onez hartu du taldeak bere etxean, hutsegiteak onartzen dituen etxean, "Danke" bere kantuak (lau diskorekin dagoeneko kudeatzen zaila den errepertorioan falta izan da bart, "Samaritans" nire kutuna bezala) agintzen duen eta salmahaian (jendez mukuru, 30 euroko elastikoen eta 45 euroko jertseen prezioak gorabehera) erosgai zegoen jertse batek jasotzen duen bezala. Bart Bilbon behintzat, eurek ez dute huts egin.

Iruzkinak

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena