Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka 2020 |EITB Durangoko Azoka
Durangoko Azoka
Elkarrizketa
Natxo Velez | EITB Media
Donostiar laukoteak "Epelkeriaren kontra" uda aldean kaleratutako EPa du aurkezgai Durangoko Azokan, bere garaiari hertsiki lotutako hitz kontzientziadunak, doinu elektroniko postpunk ilunak eta lelo argitsuak biltzen dituen lana.
Nakar
Abiadura bizian doa Nakar taldea, epelkeriatik eta soraiokeriatik ihesi, xamurtasuna eta "bihotzean daukagun mundu berria" tinko baina gozo aldarrikatuz, elektronika gogor eta ilunez eta lelo argiz. Bi urtean, disko bat, single bat eta EP bat kaleratu ditu Jone Laspiurrek (ahotsak), Xalba Ramirezek (programazioak, sanplerra, sinteak eta ahotsak), Jokin Azpiazuk (programazioak, sanplerra, sinteak eta ahotsak) eta Andoni Olaetxeak (gitarrak eta ahotsak) osatzen duten laukoteak.
Epelkeriaren kontra (Balio Dute, 2024) sei kantuko diskoa aurkezten ari dira Durangoko Azokan, bere garaiaren gorabeherekin konprometituta dagoen lana, disrupziorako nahimena darion kantu bilduma noiz bortitza, oinarri elektroniko tinko eta biziek propultsatuta, noiz samurra, batik bat ahots melodikoek eztituta.
Jokin Azpiazu nakartarrarekin hitz egin dugu, lan honetaz eta beste hainbat konturi buruz gehiago jakite aldera.
Lore ta laban diskoa, Epelkeriaren kontra EPa eta "Epikuro, mindfullness, speed" singlea bi urtean: emankor ari zarete. Zerk bultzatzen zaituzte konposatzera?
Bada, oso modu ezberdinetan konposatu izan dugu.
Batzuetan, norbaitek melodia bat izaten du buruan; beste batzuetan, beat bat, eta beste batzuetan, letra edo kontzeptu bat; lan egiteko modu ezberdinei lekua egin izan diegu, nagusiki, ez dugulako ezer planifikatu eta gauza gehienak heldu direlako tupustean edo bulkada baten ondorioz.
"Epikuro, mindfullness, speed" Katakrakeko bildumako abestia, adibidez, oso azkar egin genuen. Hangoek esan ziguten liburu bat aukeratu eta egiteko, baina 10 egun ziren epea eta hala egin genuen, azkar batean.
Sorkariaren edukia gorabehera, hain garesti zaigun aisialdia sormen lanera bideratzea ekimen politikotzat jotzen duzue edo, aitzitik, hedonismo/arintze ariketa al da? Zenbat dauka batetik eta bestetik?
Denbora musika egiten pasatzen dugu, hori gustatzen zaigulako. Aisialdia deitzen den hori erabiltzeko modu ugari daude, eta batzuk beste batzuk baino alienanteagoak iruditzen zaizkigu.
Beti dago ondo denbora hori lagunekin pasatzea, ingurukoekin, eta elkarrekin gauzak egitea, ez direnak eroriko kontsumoaren zaku hutsean bakarrik. Maila horretan, izan daiteke politikoa, agian bai. Hobe musika egiten futbola ikusten baino.
Baina politika ez da abestiekin egiten. Bere ingurua eraldatu nahi duenak eta politikoki eragin hobe du bere auzoan antolatu, beste batzuekin elkartu eta estrategia bat pentsatu helburu batzuk lortzeko. Bestela, azkar berreskuratzen du ekimen politiko hori kapitalismoak.
Galdera ez da, beraz, zer den eta zer ez den politikoa. Azkenaldian hainbeste hauspotu dugu ideia hori, hau edo bestea politikoa dela, non ahaztu zaigun pentsatzea zer den eraginkorra, zerk sortzen dituen aldaketak, zerk laguntzen duen jendea borroketara biltzera.
Abestiak egiteak ez ditu etxegabetzeak gelditzen ezta lan-baldintzak hobetzen, ez indarkeria matxistaren aurkako neurriak hobetzen. Lagundu ahal badezake egiten dugunak halako zerbaitetan, gaitz-erdi. Baina lanaren zati gehiena ez dago hor, tamalez. Bestela, nahiko erraza litzateke eraldaketak lortzea!
"Entretenimendua izateari utziko baliote, kantuak beste edozer gauza izan zitezkeen", esan zuen Mark Fisherrek Ghosts of My Lifen. Zer dira zuen kantuak zuentzat? Zeren ondorio eta zeren hazi, zerbaitena badira?
Oso topikoa izango da, baina kantuak momentu batean gertatzen den zerbaiten aztarna direla esango genuke... Jendeak dio "argazki bat" direla, baina ez da guztiz horrela.
Argazki bati berriz begiratzen diozunean, ezberdin ikus dezakezu baina argazkia bera ez da aldatzen. Kantuarekin ezberdina da, jotzen duzun bakoitzean zerbait gertatzen zaiolako abestiari, gurearen moduko estilo batean ere, zeinetan gauza asko aldez aurretik grabatuak dauden eta disparatu egiten diren elektronikoki, sorpresak egoten dira; alde batetik, instrumentu asko zuzenean jotzen eta manipulatzen ditugulako, baina, bestetik, akatsak ere gertatzen direlako. Behin abesti batean zentrala zen soinu bat galdu genuen, eta ez du inoiz jatorrizko soinua berreskuratu ez dugulako berreskuratzerik izan. Horrek aukera berria irekitzen dio abestiari. Hau dena gure ikuspegitik, guk abestiarekin daukagun harremanari dagokionez.
Baina entzule bezala gauza bera gertatzen zaigu besteen abestiekin: abestiek unean uneko gure egoera eta ingurunearekin erreakzionatzen dutela; beraz, nago jendeari gure abestiekin ere gertatuko zaiola.
Mark Fisherrekin ados: abestiak bere potentzia ireki dezan, ahalik eta gehien urrundu behar da esperientzia hori entretenimendu eta kontsumoaren ikuspegitik. Adibidez, kontzertu batera joatea diskoan entzuten den berdin-berdina topatzeko asmoz oso ondo egon daiteke entretenimenduaren ikuspegitik, baina hor abestiek ez dute tarte handirik eraldatzeko, erreproduzitu egiten dira, besterik gabe.
Gitarren musika ez bezala, elektronika infinitua da, baliabide material hutsei begiratuta bada ere. Ezartzen diozue muga estilistiko edo sonikorik zeuen buruari konposatzeko orduan? Zein?
Tira, gitarraren musika ere infinitua dela esango nuke. Pentsatu Oren Ambarchi bezalako esperimentalista batek zenbat gauza egin dituen gitarrarekin, edo gurean Joseba Irazokik, edo St. Vincentek oraindik ere, gitarra oinarri hartuta, zenbat lekutara eramaten duen pop musika. Instrumentu oso harrigarria da.
Baina bai, elektronikak aukera asko eskaintzen ditu, bai sanplerrak, tresna moduan, bai sintetizadoreek. Muga, normalean, estetikoa izaten da; belarrira ondo egiten badigu, horrekin aurrera joaten gara.
Epelkeriaren kontra egiten duzue disko berrian, "zeresangoduteismoaren", punteoz eta ukelelez armatutako "hunkigarristen" eta "punk rock asimilatuaren" aurka, hitzez hitz, lehen kantuan. Sarkasmo horretaz haraindi, zerk baldintzatzen ditu, zuen ustez, epeltzat jotzen dituzuen sortzaileen proposamen horiek? Badu ahalmenik Euskal Herrikoa bezain distrofikoa den merkatu batek artista horiek asimilatzeko?
Gaitz punk taldeak abesten zuen batzuetan ez dagoela punka baino gauza ez-punkagorik. Tendentzia kontserbadoreak edozein musika estilotan finkatu daitezke, aurrekoa errepikatzeko desio hori. Harrigarria da gaur egungo gazte askok La Pollaren abestiak ezagutzea, Tatxers edo Perlata nor diren jakin gabe.
Merkatua eta gure sistema kulturala halako nostalgia bat elikatzen ari dira aspalditik, garai zaharren ingurukoa, gure ustez nahiko aspergarria dena. Interes handiago izan lezake etorkizunarekiko nostalgiak, eta guk ere askotan sentitzen dugu hori. Alegia, iraganetik inportantea da une batzuetan ate batzuk ireki zirela, gauza batzuk aldatzeko beta egon zela. Eta une horietara bueltatzen bagara, etorkizunera begiratzeko izan behar da, ez halako iragan narkotiko batean bizitzeko.
Euskal Herriko merkatua txikia eta disfuntzionala da, eta horrek, hain zuzen ere, efektu hori izan dezake. Diskoetxe batek, esaterako, urtean 30 disko atera ordez, 5 aterako baditu, normalean ondo neurtzen du zein diren 5 horiek eta nola egin apustu arrakasta komertziala izan dezakeenaren alde. Eta, orduan, talde ezezagun berri baten diskoa atera ala duela 40 urteko disko bat binilo doblean berrargitaratzearen artean, bigarrenari ekiten dio.
Zorionez, arrakasta komertzialaren horrenbesteko dependentziarik ez duten proiektu ugari daude, eta horientzat errazagoa da arriskatzea.
Balio Dute kolektiboa osatzen duzue, hamaika (11) talderekin batera. Zerk lotzen zaituzte zigilukideok eta zein dira kolektiboaren lerro nagusiak?
Kolektiboak izan nahi du esperientzia kooperatibo bat eta merkatuaren arauetako batzuk zalantzan jartzeko aukera bat.
Ez gaitu batzen estetika edo estilo batek, askotarikoak daudelako Balio Duten, baina bai gauzak egiteko moduak, elkarri laguntzeko asmoak eta, hein handi batean, gertutasun geografikoak ere, gertu egoteak asko laguntzen baitu elkarrekin lan egiteko.
Hortik abiatuta, elkarri laguntzen diogu diskoak kaleratzen eta banatzen, Kutixik jaialdia antolatzen dugu urtero, eta baita Kuxidadek zikloa, formatu normaleko kontzertuak (Kutixik handi xamarra da).
Baina proiektu dinamikoa da, indarren araberakoa; beraz, ez dago jakiterik nora joango den hurrengo hilabete edo urteetan.
Durangoko Azokaz ari garela, topaketak sektorearen "argazkia" egiteko balio duenez gero, euskal musikagintzaren zer ikuspegi duzue, sormenari eta industriari dagokienez?
Gure ustez, euskal musikaren panorama ez da sektore bat, makina-erreminta edo helduentzako zaintza zerbitzu pribatizatuak diren moduan. Hortaz, badira gaur egungo musika panoraman berebiziko garrantzia duten eragile eta ekimen batzuk ez direnak Durangon egongo. Esaterako, gure geografia zabalean kontzertuak antolatzen aritzen diren pertsona, asanblada eta kolektiboak ez daude, eta horiek mugitzen dute, hein handi batean, musika eszena.
Hala ere, Durangok ematen duen "argazkian" badaude pista ugari, noski. Esaterako, musika taldeek banaka azokan postuak izateak adierazten digu zenbateraino, gaur egun, "egizu zuk zeuk" filosofia ez den horrenbeste hautu eraldatzaile bat, industria gero eta indibidualizatuagoaren aurrean superbibentzia bermatzen saiatzeko modua baizik. Maila horretan, nahiko tristea da panorama hainbatetan.
Hala ere, pozgarria da ikustea zigilu batzuk oraindik hor daudela, eta ekimen kooperatiboak ere bai. Edo Musikazuzenean bezalako ekimen batek inongo diskoetxek baino nobedade gehiago ekartzen dituela Azokara; esanguratsua da. DDT, Katakrak eta besteek antolatzen duten azoka alternatiboa ere bizirik dagoela jakitea gauza handia da.
…Eta, bitartean, xamurtasun erradikala aldarrikatzen duzue, guztia gorabehera…
Tira, esan daiteke beti egon dela presente ideia hori hainbat mugimendu eta pentsalari iraultzailerengan. Munduaren eraldaketa erradikala nahi duenak, halabeharrez, gogoan izan behar du hori dena maitasunagatik egiten dugula, maite dugulako gure ondokoa, gure ingurunea eta gure bizitza beste era batera antolatzeko aukera.
Ez da "bakea eta maitasuna" estiloko deklarazio bat; besterik gabe gogorarazi nahi genuen gauzak dauden moduan egoteak amorru handia sortu arren, amorrua motore bat dela, baina atzean dagoena maitasuna dela. Halako ideia ugari sumatu daitezke, esaterako, guretzat nahiko erreferentziala den XX. mendeko pentsamendu anarkistan.
Gaur egun, noski, xamurtasun erradikalak beste zentzu asko hartzen ditu, eta erreferentzia egiten die (batez ere) pentsamendu eta praktika feministetatik jaso dugun harremantzeko moduen inguruko kritika eta aldarrikapenei ere.
Elkar zaindu eta maitatzea aldarrikatzen dugu, erradikalki, harreman mota horien erroak ere zalantzan jarriz, beharrezkoa bada, alegia. Horrek ez du mundua aldatuko, baina mundua aldatzeko lanean ari garen bitartean, ez dugu zertan albora utzi xamurtasunaren printzipio hori. Berdin-berdin, xamurtasunaren printzipioari eustean ez ditugu zertan alboratu gorrotoa eta amorrua.
Nolakoa da "bihotzean daukazuen mundu berri hori" ("MBBDB"), sormenari dagokionez, behintzat?
Gure artean, bakoitzak bere ideiak ditu horri buruz. Esango nuke denok pentsatzen dugula mundu berri hori berdintasuna mugarri duen sistema batean oinarritu behar dela. Deitu ahal zaio sozialismoa, komunismoa edo anarkismoa, eta xehetasun horiek garrantzitsuak dira, noski, baina, momentuz, esan dezagun gizakiaren duintasuna eta bizitza kapitalaren ekoizpenetik banatuta egongo den mundu berria nahi dugula, kooperazioan oinarritua eta orain arteko egitura kulturalak desmuntatzen saiatuko dena.
Testuinguru horretan ez da zaila irudikatzea "sormena" deitzen den horrek zer leku izango duen, ezta? Aisialdiari eta gutxi batzuen pribilegioari lotutako jarduera profitagarria izatetik beste zerbait izatera pasako litzateke, gure eguneroko bizitzarekin askoz lotuagoa eta guztiontzat ongizatearen eta baita eraldaketaren motorea izatera.
Zein disko-liburuen bila bidaliko zenukete Durangon aholku eske doakizuena?
Durangora doanak hobe du aldez aurretik bere zerrendatxoa egin, bestela zoratu daiteke. Lehen aipatutakoen haritik, gomendatuko genioke bueltaxka bat emateko azoka alternatibotik ere, eta Landakon bilatzeko Musikazuzeneanen postua, hor daudelako lan pilo bat talde txiki eta autogestionatuenak. Gurea bezalako postuak ere bai, Balio Dute, Mukururenak, kasu.
Eta liburu bila badoa, noski, kasu egin diezaiola argitaletxe txikien (gehienak halakoak dira) katalogoei, saiakera interesgarriak daude Katakraken eta aurten Euskadi saria jaso duen Jon Urzelairen musika jaialdiei buruzkoa, Susan aurkitu daitekeena...
Eta, lagunok, pazientzia: liburutegi publikoak daude herri orotan, liburu eta diskak hortik hartzeko maileguan. Kultura bizia ez da erosketa hutsarekin soilik elikatzen. :)
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa