Txirrindularitza
TXIRRINDULARITZA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Britainiarra Euskaltel-Euskadi taldean sartuko da, Ander Ganzabalen fitxaketaren ondoren.
Louis Sutton, Euskaltel-Euskadiren fitxaketa. Irudia: @euskaltelteam
Euskaltel-Euskadik Louis Sutton txirrindulari ingelesaren fitxaketaren berri eman du hurrengo bi denboraldietarako. Frantziako Aix-en-Provence taldetik dator txirrindularia eta denboraldi honetako Bidasoako Itzuliaren irabazlea da.
Suttonek 22 urte ditu eta Ander Ganzabalen atzetik bigarrena da talde laranjan sartzen. 2025erako konfirmatutako hamargarren txirrindularia da, eta Jon Aberasturi, Nicolas Alustiza, Mikel Bizkarra, Iker Bonillo, Victor de la Parte, Xabier Isasa, Iker Mintegi eta Unai Zubeldiaren kontratuek indarrean jarraituko dute. Bidasoako Itzulia irabazteaz gain, britainiarrak bigarren postua lortu zuen Txekiar Errepublikako Bakearen Lasterketako etapa batean, eta hirugarren bat Etorkizuneko Tourreko etapa batean, "non, gainera, funtsezkoa izan zen Joseph Blackmore bere selekzioko kidearen azken garaipenean", nabarmendu du Euskaltel-Euskadik.
Britainia Handiko Tourrean, joan den irailean, Sutton seigarren zihoan amaieratik bi etapara, baina eroriko baten ondorioz lasterketa utzi behar izan zuen.
"Euskaltel-Euskadiren parte izatea oso garrantzitsua da niretzat. Asko korritu dut Euskal Herrian eta asko gustatu zaizkit egin ditudan lasterketa guztiak. Gainera, maila gorenean lehiatzeko aukera ematen dit eta nire garapena bizkortuko du errendimendu onena izateko eta lasterketak irabazten saiatzeko. Oraindik txirrindulari gisa definitu behar dut neure burua. Errendimendu ona izan dut igoerak dituzten ibilbideetan, eta erasoaldiak egitea gustatzen zait".
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa