2022ko Itzulia Women lasterketako 3. etapa, Donostia – Donostia (139,8 km)

#-3_etapa_itzulia_women-#
Maiatzak 18, igandea
EITB MEDIA
Aurreikuspena da Itzuliko azken etapa txirrindularitza egin handia izatea. Ziklistek hiru mendate puntuagarri igoko dituzte, tartean 1. mailako Jaizkibel. Lasterketa, hala, Donostian erabakiko da.
2025eko Itzulia Womeneko 3. etapako profila. Irudia: Itzulia Women.
Zaleek nabarmenduta dute egutegian maiatzaren 18a, igande horretan jokatuko baitute 2025eko Itzulia Womeneko hirugarren eta azken etapa. Txirrindulariak 10:07an irtengo dira Alderdi Ederretik, Donostian, eta, antolatzaileen kalkulua betez gero, etapako irabazleak 13:04tik 13:22ra bitartean amaituko du lana, Gipuzkoako hiriburuan ere. Guztira, ibilbideak 112,6 kilometro ditu, eta parte-hartzaileek hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte: 1. mailako Jaizkibel, 2. mailako Mendizorrotz, eta 3. mailako Gurutze.
Arestian esan bezala, tropelak Donostian ekingo dio etapari, eta jarraian Añorgarako bidea hartuko du. Hernanin, Astigarragan, Oiartzunen, Errenterian eta Lezon gozatuko dute Itzuliko txirrindulariez, eta horiek berehala hasiko dira Jaizkibel igotzen; mendate mitiko horretan gogoan izateko moduko hainbat eta hainbat lehia ikusi izan ditugu, eta jardunaldiko 42,4. kilometroan du pankarta. Igoera 7,9 kilometrokoa da, eta, batez beste, % 5,6ko malda du.
Gerora, lasterketa Irunen izango da, eta 3. mailako Gurutze igoko dute; horrek 2,7 kilometro ditu, % 5,2an. Oiartzunen eta Errenterian berriro ere egingo diete harrera ziklistei, eta Itzulia Pasai Antxon izango da gero. 75,6. kilometroan, Donostian, Itzuliko azken-aurreko esprint berezia jokatuko dute. Añorgatik, tropelak Usurbilerako bidea hartuko du, eta bertan izango da, 87,2. kilometroan, etapako bigarren eta azken esprint berezia.
Orduan igoko dute Mendizorrotz, eta mendate hori erabakigarria izan liteke. 2. mailakoa da, 6,4 kilometroko ibilbidea dauka, % 5,2an, eta pankarta 102,6. kilometroan du, alegia, helmugarako hamar kilometrora. Mendatea jaitsita, txirrindulariak Donostian izango dira, helmugan. Han ikusiko ditugu, podiumean, 2025eko Itzulia Womeneko irabazle guztiak; tartean, jakina, sailkapen nagusian gailenduko den emakumea, hau da, azken maillot horia jantziko duen ziklista.
12:00etan hasita, ez galdu eitb.eus-en eta ETB1en zuzeneko emanaldia, eta jarraitu etapa.
ETAPAKO PROFILA
FITXA TEKNIKOA
Etapa: 3. etapa (maiatzak 18, igandea)
Ibilbidea: Donostia-Donostia
Distantzia: 112,6 km
Hasiera-ordua: 10:07
Amaiera-ordua: 13:04 (40 km/h) | 13:13 (38 km/h) | 13:22 (36 km/h)
Mendiko saria: Jaizkibel (1. mailakoa), 42,4. kilometroan; Gurutze (3. mailakoa), 60,8. kilometroan; Mendizorrotz (2. mailakoa), 102,6. kilometroan
Hurrengo zuzenekoak
| 06 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Elordi-Zabaleta vs P. Etxeberria-Rezusta |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa


Aukera ezazu nabigatzeko nahiago duzun hizkuntza.
Elige el idioma en el que prefieras navegar