23:51

Reala

1-1

Berdinduta amaitu da Realaren eta Osasunaren arteko euskal derbia

Erredakzioa

Talde gorritxoak aurrea hartu du lehen zatian Adrianen golari esker, baina Oyarzabalek berdindu du neurketa bigarren zatian.

  • Reala - Osasuna

    Oyarzabal, Brasanac eta Vidal, Reala-Osasuna partidan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak eta Osasunak bana (1-1) egin dute Reale Arenan jokatu duten Ligako 28. jardunaldiko euskal derbian. Lortutako puntuari esker, Realak laugarren postuan jarraitzen du, 47 punturekin, Getafek (5. postuan) eta Atletico Madrilek (6. postuan) baino puntu bat gehiagorekin; Osasunak, aldiz, 35 puntu ditu, eta 10 puntura ditu jaitsierako postuak.

Talde gorritxoa erasokor zelairatu da, eta arriskua eraman du Realaren area ingurura lehen minutuetan, abagunerik izan gabe. Hala ere, ondoren, Reala egin da baloiaren jabe, nahiz eta Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak ere ez duen gol aukera argirik sortu. Neurketako lehen abagunea Osasunak izan du 15. minutuan; Adrianek baloia loratu du Remiro atezainaren gainetik, baina Le Normandek baloia atera du atepetik. Realaren erantzuna 27. minutuan iritsi da, eta Ruben atezainak eragotzi du txuri-urdinen gola, Porturen pasearen ostean Aritz Elustondok egin duen errematea desbideratuta.

Realak alferrik galdu aukera argi hori, eta, minutu bat geroago, epaileak Osasunaren aldeko penaltia adierazi du, Le Normandek eskuarekin moztu baitu erdiraketa bat area barruan. Adrianek 0-1ekoa sartu du, penalti jaurtiketan Remiro atezaina gaindituta.

Osasunak tinko eta taktikoki lan bikaina egiten jarraitu du gola sartu ostean ere, eta ez dio Realari bere jokoa egiten utzi. Talde txuri-urdina ez da eroso ibili, eta ez da gai izan atsedenaldia baino lehen aurkaria estutasunetan jartzeko.

Erasokor ekin dio Realak bigarren zatiari, eta azkar izan du lehen abagunea, Ruben atezainak gelditu duen Porturen jaurtiketa batekin. Dena den, Osasunak 52. minutuan erantzun du, baina Marc Cardonak gehiegi gurutzatu du jaurtiketa Remiro atezainaren aurrean. Hasiera oso bizia izan du bigarren zatiak, eta Realak beste aukera ezin hobe bat izan du; Oyarzabalek area barrutik jaurti, eta Ruben atezainak desbideratu du baloia. Ondoren, Willian Josek buruz egin duen errematea kanpora joan da, gutxigatik.

Nagusi izan da talde gipuzkoarra bigarren zatiaren hasieran, gol aukera onenak izan ditu, eta saria jaso du 64. minutuan Oyarzabalek sartu duen golarekin (1-1); Oierrek baloia galdu du, Willian Josek pasea eman dio Oyarzabali, eta honek ez du barkatu Rubenen aurrean.

Azken txanpan ez da abagune askorik egon. Osasuna gola sartzetik gertu egon da 88. minutuan, baina Brasanacek ahal bezala egin duen errematea gaiztotu egin da, eta Remirok desbideratu behar izan du, gola eragozteko. Aukera horrek kemena eman dio talde gorritxoari, eta bi abagune nabarmen izan ditu: Remiro lokartu egin da area barruan, baloia aldentzera zihoanean Arnaizek hanka sartu du, eta ez du gutxigatik gola sartu. Ondoren, Brasanacek orpoz egin duen errematea oso gutxigatik joan da kanpora. Amaieran, berdinketa (1-1) eta puntu bana talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1 - Reala: Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal (Muñoz, 82. min); Zubeldia, Merino (Llorente, 82. min), Odegaard; Portu (Januzaj, 73. min), Willian Jose (Isak, 62. min) eta Oyarzabal.

1 - Osasuna: Ruben; Vidal, Raul Navas, Unai Garcia, David Garcia, Estupiñan; Oier (Moncayola, 68. min), Darko; Iñigo Perez, Adrian (Arnaiz, 63. min) eta Cardona (Gallego, 63. min).

Golak: 0-1, 29. min; Adrian, penaltiz. 1-1, 61. min: Oyarzabal.

Epailea: Cordero Vega. Txartel horia atera die Merino (66. min) Realeko jokalariari eta Oier (25. min), Gallego (70. min) eta Iñigo Perez (85. min) Osasunako futbolariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    23 21:45 - 23:59 ZESTA-PUNTA | Eusko Label Winter Series: Barandika-Lopez vs Goitia-Del Rio

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena