23:42

Futbola

Eurokopa

Espainiak Frantzia kanporatu du (2-1), eta Eurokopako finalerako sailkatu da

EITB MEDIA

Lamine Yamalek 21. minutuan eta Dani Olmok 25.ean sartutako golen bidez, Espainiako selekzioak irauli egin du Kolo Muanik Frantziarentzat egindako gola. Luis de la Fuenteren taldeak, hala, txapelketako finala jokatuko du, igandean, 21:00etan; haren aurkaria Herbehereak edo Ingalaterra izango da.

  • Lamine Yamalek, 1-1ekoan, gol bikaina sartu du. Argazkia: EFE.

    Lamine Yamalek, 1-1ekoan, gol bikaina sartu du. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainia Alemanian jokatzen ari diren 2024ko Eurokopako finalerako sailkatu da, astearte gauean, finalerdietan Frantzia kanporatuta; izan ere, Munichen jokatutako norgehiagokan, 2-1 gailendu da. Lamine Yamalek 21. minutuan eta Dani Olmok 25.ean sartutako golen bidez, Espainiako selekzioak irauli egin du Kolo Muanik Frantziarentzat egindako gola. Luis de la Fuenteren taldeak, hala, txapelketako finala jokatuko du, igandean, 21:00etan; haren aurkaria Herbehereak edo Ingalaterra izango da.

Hortaz, Mikel Oyarzabalek, Unai Simonek, Alex Remirok, Dani Vivianek, Mikel Merinok, Nico Williamsek eta Martin Zubimendik Eurokopa irabazteko aukera izango dute, hilaren 14an, Berlinen. Espainiaren eta Frantziaren arteko finalerdian, Simon eta Nico Williams hasierako hamaikakoan izan dira, eta Vivian, Oyarzabal, Merino eta Zubimendi bigarren zatian zehar zelairatu dira.

Espainiak merezita irabazi du, eta lehen zatiko lau minututan sartutako bi goletan oinarritu du garaipena. Bederatzigarren minutuan, Kolo Muanik, burukada ona eginda, Mbapperen erdiraketa ona baliatuta, aurretik jarri du Frantzia. Didier Deschampsen taldea ondo ari zen jokatzen, aurrelarien abiadura baliatzen saiatuta; 21. minutuan, baina, Lamine Yamalek gol bikaina sartu du, areaz kanpotik eta ezkerrez egindako jaurtiketa polit baten bidez. 1-1ekoak bultzada eman dio Espainiako selekzioari, eta ia jarraian iritsi da bigarren gola; Dani Olmok lortu du, area barruan jokaldi trebea eginda.

Espainia sendo aritu da atzealdean bigarren zatian, eta, azken finean, finalerako sailkatzea bermatzea erdietsi du. Historian bosgarren aldiz jokatuko du Espainiako selekzioak Eurokopako finala. Asteazken gauean, bigarren finalerdia izango da, Herbehereak-Ingalaterra, eta finalerako beste txartela izango da jokoan.

Fitxa teknikoa

2 - Espainia: Unai Simon; Jesus Navas (Vivian, 57. min), Laporte, Nacho, Cucurella; Rodri, Fabian, Dani Olmo (Mikel Merino, 77. min); Lamine Yamal (Ferran Torres, 91. min), Nico Williams (Zubimendi, 91. min) eta Morata (Oyarzabal, 77. min).

1 - Frantzia: Maignan; Kounde, Upamecano, Saliba, Theo Hernandez; Kante (Camavinga, 63. min), Tchouameni, Rabiot (Barcola, 63. min); Dembele (Giroud, 79. min), Kolo Muani (Griezmann, 63. min) eta Mbappe.

Golak: 0-1, 9. min: Kolo Muani. 1-1, 21. min: Lamine Yamal. 2-1, 25. min: Olmo.

Epailea: Slavko Vincic (Eslovenia). Espainiako Jesus Navas eta Lamine Yamal, eta Frantziako Tchouameni eta Camavinga zigortu ditu, txartel horia aterata.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    22 11:25 - 12:00 ''HELMUGA'' saioa
    22 12:15 - 14:00 ATLETISMOA | Amurrioko Krosa
    22 16:00 - 17:00 AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak
    22 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena