Futbola
F Liga
A. B. E. | EITB Media
Txuri-urdinek hiru puntuak bereganatu dituzte, armaginak 3-1eko emaitzarekin garaituta. Donostiako taldeak lehen 20 minutuetan utzi du bideratuta garaipena.
Albisteak (2)
Realak garaipena bereganatu du Eibarren aurka, 3-1eko emaitzarekin, larunbat honetan, urriak 14, Zubietan jokatutako F Ligako 5. jardunaldiko euskal derbian. Ondorioz, txuri-urdinek 7 puntu dituzte jada, eta jaitsiera postuetatik aldendu dira; armaginek, ordea, 3 punturekin jarraitzen dute, jaitsiera postuetan dagoen Betisekin berdinduta.
Donostiako taldeak bikain ekin dio neurketari, 4. minutuan gola sartu baitu; Nerea Eizagirre izan da golegilea (1-0), Jacintoren pase luzea jaso eta aurkariaren atea zulatuta. Gainera, 17. minutuan, abantaila handitu dute txuri-urdinek, Synne Jensenen golari esker (2-0), Mirarik emandako pasea baliatuta.
Eibarrek kolpe bikoitza jaso du hasierako minutuetan, baina beste bat hartu du ia jarraian, Mirarik 3-0ekoa jarri baitu markagailuan 20. minutuan, Bernaberen erdiraketa aprobetxatuz.
Ondoren, parekotasuna izan da nagusi, eta armaginek desabantaila murrizteko abagunea izan dute atsedenaldira iritsi aurretik, baina Maladoren jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da.
Atsedenaldiaren ostean, Eibar erasokor zelairatu da. Hala, Andrea Alvarez gola sartzetik gertu egon da bigarren zatiaren hasieran, baina Lete atezainak desbideratu du Guatemalako jokalariaren jaurtiketa.
Sufritzea egokitu zaio Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeari, eta jakin du aurkariari eusten. Gero, baloiaren jabe egin dira berriro txuri-urdinak, nahiz eta kostatu egin zaien aukera argiak sortzea.
Abagune gutxikoa izan da bigarren zatia. Hala ere, Letek berriro eragotzi du Eibarren gola, Annlieren jaurtiketari erantzun ona emanda. Yerai Martinek zuzendutako nesken abisuaren ostean iritsi da, 75. minutuan, Realak bigarren zatian izan duen estreinako abagunea; Amaiur Sarriegik zutoinera bidali du baloia.
Partida guztiz maldan gora zuen arren, Eibarrek ez du etsi. Gutxienez gol bat sartu nahi izan dute armaginek, eta, azkenean, lortu dute Lete gainditzea: Nati Canok jarri du 3-1ekoa markagailuan, Bergesek area barruan baloia berreskuratu eta bere taldekideari eman ostean.
Azken txanpa ondo kudeatu du Realak, eta hiru puntuak poltsikoratu ditu (3-1).
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa