Futbola
Athletic, proiektuaren kontra
EITB Media
Hiru klub hauek proiektuaren eta CVC inbertsio-funtsa Ligan sartzearen kontra bozkatu dute. CVCk, bere ehuneko 10aren barruan, ez ditu negoziatuko kontrako botoa eman duten kluben eskubideak.
Klubetako ordezkariak, Ligaren Ezohiko Batzarrean. Argazkia: EFE
'LaLiga Impulso' proiektua onartua izan da Ligaren Ezohiko Batzar Nagusian, aldeko 38 boto eta kontrako 4 botorekin. Athletic, Real Madril, Bartzelona eta Oviedo izan dira CVC inbertsio-funtsa Ligan sartzearen aurka bozkatu dutenak, Javier Tebas Ligako presidenteak ostegun honetan jakinarazi duenez.
CVCk ez ditu negoziatuko kontrako botoa eman duten kluben eskubideak, inbertsio-funtsak duen ehuneko 10aren barruan. Ondorioz, klub horiek ez dute ezer kobratuko akordioan sinatu diren 2.700 milioi euroetatik.
"Akordioa hamar hilabeteko lanaren fruitua da. Tartean Superligako proiektuak eta beste gatazka batzuek arriskuan jarri dute akordioa", adierazi du Javier Tebasek. Gainera, Ligako presidenteak kritikatu egin ditu proiektuari kontrako botoa eman dioten klubak: "Kontrako botoa eman duten klubek beste Liga mota bat nahi dute".
Akordioari esker, klubek gehienez 2.667,5 milioi euro jaso ahalko dituzte. Diru-sarrera horren truke, klubek jasotako diruaren ehuneko 70a azpiegituren eta berrikuntza teknologikoen proiektuetara bideratu beharko dituzte. Klubek ehuneko 15eko osagarria izan ahalko dute jokalariak inskribatzeko, eta beste ehuneko 15eko osagarri bat daukaten zorra berregituratzeko.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa