21:13

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak 1-0 galdu du Bartzelona aurkari, Superkoparengatik atzeratutako partidan

EITB MEDIA

Vitor Roquek egin du Bartzelonari garaipena eman dion gola, bigarren zatiko 18. minutuan. Azken ordu erdian, Osasuna hamar jokalarirekin aritu da, epaileak Unai Garcia kanporatu baitu; hala ere, neurketako azken jokaldira arte ibili da Nafarroako taldea berdinketaren bila.

  • Unai Garcia, Ferminekin lehian, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Unai Garcia, Ferminekin lehian, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak galdu egin du, 1-0, asteazkenean, Bartzelona aurkari, Estadi Olimpic Lluis Companys futbol zelaian, EA Sports Ligako hogeigarren jardunaldiari zegokion baina Superkopagatik atzeratu zuten partidan. Vitor Roquek egin du Bartzelonari garaipena eman dion gola, bigarren zatiko 18. minutuan. Azken ordu erdian, Osasuna hamar jokalarirekin aritu da, epaileak Unai Garcia kanporatu baitu; hala ere, neurketako azken jokaldira arte ibili da Nafarroako taldea berdinketaren bila.

Bartzelona-Osasuna partidako laburpena (1-0)

Lehen zatia parekatua izan da. Bartzelona hasieratik ahalegindu da Osasuna estutzen, baina Jagoba Arrasateren gizonek berehala erakutsi dute ez zeudela atzean gelditzeko prest.

Etxeko taldearen arriskua estrategian iritsi da; hiru falta-sakeren ondorioz, Bartzelonak hiru burukada on izan ditu, bata Lewandowskirenak eta beste biak Kounderenak. Aurreneko zatiko abagunerik onena, baina, Osasunak izan du: 39. minutuan, Moncayolak oso ondo atera du korner bat, Lucas Torrok lehen zutoinean jo eta Budimirrek, bakarka, atetik oso gertu, ez du errematea ondo zuzentzerik izan.

Lehen 45 minutuetako okerrena Ferran Torres Bartzelonako jokalariari egokitu zaio; izan ere, Bartzelonako aurrelariak berdegunea utzi behar izan du, lesionatuta, seigarren minutuan.

Bigarren zatiko lehen minutuetan, Bartzelona, norgehiagokaren hasieran ere egin duenez, ahalegindu da jokoari erritmoa ematen, eta zelai erdia argiago kontrolatzen. Xavi Hernandezen jokalariek baloia azkarrago mugitzea lortu dute. Laimne Yamalek abagune ona izan du 47. minutuan, baina Aitorrek erantzun ona eman dio hegaleko gaztearen jaurtiketari.

Partidaren emaitza zehaztu duen gola 63. minutuan izan da. Orduan, Bartzelonak erasoko jokaldi polita egin du, Osasunaren area ertzean; De Jongek ondo jarri dio baloia, sakonean, Cancelori, eta azken horren erdiraketa Vitor Roquek errematatu du, buruz, lehen zutoinean.

Ia jarraian, epaileak Unai Garcia kanporatu du, bigarren txartel horia aterata. Jagoba Arrasateren taldeari, hala, oso zail jarri zaio partida, baina gauza jakina da Osasunak inoiz ez duela amore ematen, eta Bartzelonan ere ikusi ahal izan dugu hori. Nafarroako taldea amaierara arte ibili da berdinketaren bila, eta Raul Garciak izan du aukerarik argiena hori erdiesteko, 77. minutuan; David Garciak bikain berreskuratu du baloia, eta Ruben Garciak pase ederra eman dio Raul Garciari, baina aurrelariaren jaurtiketa zutoinera joan da.

Horrenbestez, Osasunak 26 puntu dituela jarraitzen du, hamabigarren postuan. Igandean, Celta izango du aurkari, Sadarren.

Fitxa teknikoa

1 - Bartzelona: Iñaki Peña; Kounde, Araujo, Cubarsi, Cancelo; De Jong, Gündogan, Pedri (Romeu, 77. min); Lamine Yamal, Lewandowski, Ferran (Fermin, 6. min, Vitor Roque, 62. min).

0 - Osasuna: Aitor; Areso, David Garcia, Unai Garcia, Herrando, Mojica; Moncayola (Kike Barja, 83. min), Torro (Ibañez, 83. min), Aimar (Brasanac, 68. min); Budimir (Ruben Garcia, 68. min), Arnaiz (Raul Garcia, 68. min).

Gola: 1-0: Vitor Roque, 63. min.

Epailea: Figueroa Vazquez (Andaluzia). Pedri zigortu du, txartel horia ateraz, eta Unai Garciari bi txartel hori atera dizkio (16. eta 67. min).

Gertakizunak: EA Sportos Ligako 20. jardunaldiko partida, Estadi Olimpic Lluis Companysen; 37.888 zale izan dira.

 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    15 Zuzenean 11:55 - 18:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroa: Hamaikagarren etapa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena