20:36

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak puntu bat eskuratu du, Sevillaren kontra 1-1 berdinduta

A. B. E. | EITB Media

Gorritxoek 1-1 berdindu dute Andaluziako taldearen aurka Sanchez Pizjuan estadioan jokatutako EA Sports Ligako 22. jardunaldiko partida. Sevillak sartu du neurketako lehen gola, baina bigarren zatian Budimirrek jarri du 1-1ekoa markagailuan.

  • Sevilla - Osasuna

    Navas (Sevilla) eta Mojica (Osasuna)lehian, Sanchez Pizjuaneko partidan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak 1-1 berdindu du Sevillarekin Sanchez Pizjuan estadioan igande honetan, urtarrilaren 28an, jokatutako EA Sports Ligako 22. jardunaldiko norgehiagoka. Galtzen hasi dira gorritxoak, baina bigarren zati ona eginda neutralizatu dute aurkariaren gola.

Sevilla erasokor zelairatu da, eta abagune argia izan du seigarren minutuan; Sergio Herrera atezainak, ordea, gola eragotzi du Isaac Romeroren errematea desbideratuta. Ondoren, Osasuna saiatu da baloi-jabetza izaten, baina ez du arriskurik sortu aurkariak babestutako atean. Neurketa parekatu dela zirudienean, aldiz, Sevillak gola sartu du: Isaac Romerok jarri du 1-0ekoa markagailuan, Catena atzean utzi eta area barrutik egindako jaurtiketarekin Herrera gaindituta.

Gola jaso ostean, Osasuna aurrerapausoa ematen saiatu da. Hala ere, gorritxoei kosta egin zaie abagune argiak sortzea. Andaluziako taldeak ez du Osasuna gehiegi estutu, nahiz eta ezer gutxirekin Nafarroako taldeari min egin dion. Herrerak erantzun bikaina eman dio Ocamposen erremateari 30. minutuan. Osasunaren erantzuna hiru minutu geroago etorri da, baina Moi Gomezen jaurtiketa Nyland atezainak gelditu du.

Bigarren zatian, hobeto zelairatu da Osasuna. Jagoba Arrasatek zuzendutako taldea baloiaren jabe egin da, eta atzean sartu du Sevilla. Gorritxoak erasoan ekinean ibili dira, eta saria jaso dute 55. minutuan; David Garciak jo du baloia area barruan, eta Budimirrek ate barruan sartu du (1-1) taldekidearen errematea baliatuta.

Nagusi izan da Osasuna bigarren zatian. Sevilla ezinean ibili da, eta, ondorioz, Nafarroako taldeari kosta egin zaio gola sartzeko aukera argiak sortzea. Azken minutuak futbolari bat gutxiagorekin jokatu ditu Sevillak, Susok txartel gorria ikusi baitu 86. minutuan Aimar Orozi egindako faltarengatik.

Osasunak erasora jo du itsu-itsuan azken minutuetan. Aimar Orozek izan du gorritxoen bigarren gola sartzeko aukera, 89. minutuan, baina jaurtiketa kanpora joan zaio gutxigatik. Sevilla ezinean ibili da. Hala ere, gola gertu izan du 94. minutuan, baina Herrerak desbideratu du Sergio Ramosen jaurtiketa.

Amaieran, banako berdinketa Sanchez Pizjuanen, eta puntu bat talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: Nyland; Jesus Navas (Juanlu, 71. min), Badé, Sergio Ramos, Marcao (Rafa Mir, 71. min), Acuña (Pedrosa, 59. min); Suso, Soumare, Agoume (Sow, 59. min) (Oliver Torrres, 67. min); Isaac Romero, Ocampos.

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Ruben Peña (Areso, 66. min), David Garcia, Catena, Juan Cruz, Mojica; Ibañez (Moncayola, 75. min), Iker Muñoz, Moi Gomez (Aimar, 75. min); Raul Garcia (Arnaiz, 83. min), Budimir.

Golak: 1-0, 24. min: Isaac. 1-1, 55. min: Budimir.

Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel gorria atera dio Susori (86. min), Aimar Orozi egindako faltarengatik. Gainera, txartel horia atera die Agoume (6. min), Soumare (56. min) eta Sergio Ramos (84. min) Sevillako jokalariei.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    16 12:15 - 18:00 TXIRRINDULARITZA | Italiako Giroa: Hamabigarren etapa
    24 22:15 - 00:30 ERREMONTEA | ''Erremontari'' saioa

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena