Eibar
Euskal derbia
EITB Media
Armaginek Lehen Mailara igotzeko aurrerapausoa eman dute, garaipen argia lortuta; Amorebietari, berriz, zaildu egin zaio mailari eusteko borroka.
Josep Gaya eta Jose Corpas. Argazkia: @SDEibar
Eibarrek 5-0 irabazi dio Amorebietari igande arratsaldean Ipuruan jokatu duten euskal derbian. Hortaz, armaginek beste urrats bat eman dute Lehen Mailara zuzenean igotzeko; Jandro Castroren taldeari, berriz, zaildu egin zaio Bigarren Mailari eusteko borroka, lau puntura baitu, lau jardunaldiren faltan.
Joseba Etxeberriaren mutilak nagusi izan dira, zentzu guztietan, eta ate aurrean ez dute hutsik egin. Urdinek, ostera, ez dute ohiko maila eman, eta garesti ordaindu dute lehen eta bigarren zatiaren hasieran eta atsedenaldira joan aurretik jasotako golak.
Bi taldeek jokoan asko zutela-eta, norgehiagoka bizia izan da hasieratik, eta biak joan dira golaren bila berehala. Eibarrek betiko jokoa egin du, arerioa goian presionatu eta baloiaren jabetza mantenduz. Amorebietak, aldiz, blokean defendatu du, eta kontraerasoan bilatu ditu bere aukerak.
Armaginak laster aurreratu dira markagailuan. Stoichkovek egin du 1-0ekoa, 9. minutuan. Arbillak buruz egindako errematea berari iritsi zaio, eta baloia sare barrura bidali du, inolako eragozpenik gabe.
Aurretik, urdinek gola sartzeko aukera izan dute, Dorriok gidatutako kontraeraso azkarrean, baina Luca Zidanek erraz harrapatu du baloia.
Stoichkovek bere taldearen bigarrena egiteko aukera izan du 23. minutuan, baina horren jaurtiketa kanpora joan da. Handik gutxira, Bautista saiatu da, baina Magunagoitiak baloia gelditu dio.
Bitartean, Amorebieta ahalegindu da berdinketa lortzen, baina joko onik egin gabe, eta baloia arerioaren zelaian izan arren, ez du arrisku nahikorik sortu Eibarren ate aurrean.
Lehen zatia amaitzear zegoela, Etxeitak Stoichkovi oina zapaldu dio area barruan, eta Avalos Barrerak penaltia adierazi du, VAReko epaileak jokaldia berrikusteko eskatu ostean. Aketxek ez du hutsik egin, eta armaginak bi goleko abantailarekin joan dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, Eibarrek aurretik eraman du Amorebieta. Bizkaitarrak ez dira gai izan golik egiteko, gutxienez berdinketa lortzeko. Ez dute ondo jokatu, eta etxeko taldeak bisitarien akats bat baliatu du kontraerasoan hirugarrena sartzeko. Corpasek egin du gola, baloia Magunagoitiaren gainetik botata.
Errenkadan iritsi dira beste bi golak. Laugarrena Bautistak sartu du, 78. minutuan, aurretik hainbat aldiz saiatu ostean.
Lau minutu geroago heldu da bosgarrena. Eibar kontraerasoan atera da, eta Konrad de la Fuentek gol ederra sartu du, jokaldi ikusgarria ondo amaituta.
Garaipen nabarmen honekin, Eibarrek beste urrats garrantzitsu bat eman du Lehen Mailara igotzeko borrokan. Amorebietak, berriz, kolpe handia jaso du, eta jardunaldi bat gutxiago du jaitsierako postuetatik ateratzeko.
FiTXA TEKNIKOA
5- Eibar: Luca, Tejero, Berrocal, Arbilla, Cristian (Correa, 84. min), Vencedor, Mario Soriano (Mada, 73. min), Corpas, Aketxe (Venancio, 66. min), Stoichkov (Konrad, 66. min) eta Bautista (Qasmi, 84. min).
0- Amorebieta: Magunagoitia, Bustinza, Etxeita (Unzueta, 46. min), Gaya, Lasure, Alvaro Nuñez, Sibo, Erik Moran (Eraso, 73. min), Morci (Rayco, 81. min), Dorrio (Locadia, 73. min) eta Jauregi.
Golak: 1-0, 9. min: Stoichkov. 2-0, 45. min: Aketxe. 3-0, 48. min: Corpas. 4-0, 79. min: Bautista. 5-0, 83. min: Konrad.
Epailea: Ruben Avalos. Txartel horia atera die Mario Sorianori, Ager Aketxeri, Etxeitari eta Sibori.
Gertakariak: Hypermotion Ligako 38. jardunaldia. 6.428 ikusle izan dira Ipuruan.
Hurrengo zuzenekoak
22 | 11:25 - 12:00 | ''HELMUGA'' saioa |
22 | 12:15 - 14:00 | ATLETISMOA | Amurrioko Krosa |
22 | 16:00 - 17:00 | AIZKOLARITZA | Urrezko Aizkolariak |
22 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa