Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeetako lehendakarigaiak | EITB Legebiltzarrerako hauteskundeak
Hautagaitzak
Profila
eitb.eus
Familia abertzale bateko semea, 16 urte baino ez zituen EAJ alderdian izena eman zuenean. Hirugarren legealdi bati heltzeko "indartsu" dagoela nabarmendu du.
Iñigo Urkullu, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Informazio gehiago (2)
Hirugarren aldiz aurkeztuko da EAJk proposatuta lehendakari kargura Iñigo Urkullu Renteria (Alonsotegi, 1961). Bera izan zen 2012an Ajuria Eneko giltza jeltzaleen esku utzi zuena, berriro, Patxi Lopez sozialistaren hiru urte eta erdiko agintaldiaren ondoren.
Ezagutzen dutenek pertsona serioa eta metodikoa dela diote, eta politikari moderatu bezala definitzen dute, eta etxekoia eta oso kristaua izateak bereziki markatzen dute Urkulluren izaera.
Familia abertzale bateko semea, 16 urte baino ez zituen EAJ alderdian izena eman zuenean, Francoren diktadura amaitu berritan, alderdia klandestinitatetik aterata lehen urratsak ematen ari zenean. Handik sei urtera, lehen hitzaldia eman zuen Alderdi Egunean, Aixerrotan (Getxo), EGIren izenean.
Bertan hasi zuen bere ibilbide oparoa. 25 urte zituela izendatu zuten Bizkai Buru Batzarreko kide, eta 2000. urtean, BBBko lehendakari. Zazpi urte geroago, berriz, Josu Jon Imazen lekukoa hartu zuen EAJren presidentetzan, Euzkadi Buru Batzarrean, eta kargu horretan egon zen lehen aldiz lehendakari izendatu zuten arte.
Eusko Legebiltzarrean zein Bizkaiko Foru Aldundian ardurak izan ditu. Besteak beste, legebiltzarkidea izan zen 1984-1987 aldian, eta Bizkaiko Aldundiko Gazteria zuzendari karguan egon zen gero, ia zazpi urtez. Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko eta Terrorismoaren Biktimen Ponentziako arduraduna ere izan zen.
Akordioak lortzeko gaitasuna duela diote haren gertukoek, eta EAJren presidentetzan egon zen urteetan oso ezaguna izan zen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente zenarekin izan zuen harremana.
"Alderdi gizona" dela, eta "EAJren eta euskal gizartearen esanetara" dagoela esan izan du behin baino gehiagotan Urkulluk, eta hirugarren legealdi bati heltzeko "indartsu" dagoela esan du.
Lehendakari izatera aurrenekoz iritsi zenean (2012-2016), EAJk bakarrik osatu zuen Gobernua, 10 sailburuk osatutako Exekutiboarekin. Bigarren legealdian, berriz, PSE-EEren botoei esker lortu zuen Urkulluk lehendakari izendatzea, eta koalizio gobernua osatu zuen sozialistekin.
Magisteritza ikasi zuen, Euskal Filologia espezialitatean, Derioko seminarioan, eta ibilbide politikoari ekin aurretik, Portugaleteko Asti-Leku ikastolan eta Bilboko Felix Serrano eskola publikoan aritu zen irakasle lanetan. Durangoko Landako Eskolan eskuratu zuen funtzionario plaza, eta eszedentzia eskatu zuen politikara salto egiteko.o.
Bere zaletasunen artean, kirola, mendia eta irakurketa daude, eta, ahal duen heinean, bere denbora librea familiarekin igarotzen duela aitortu izan du. Musikazalea ere bada, eta txistua eta danbolina jotzen ditu.
Lucia Arieta-Araunabeñarekin ezkonduta dago, eta hiru seme-alaba dituzte: Kerman, Malen eta Carlos. Haurtzaroa Alonsotegin igaro bazuen ere, Durangon bizi izan da urte askotan Urkullu, harik eta Ajuria Enera joan zen arte.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa