EiTB TALDEA
Aliantza
EITB Media
Hitzarmenaren bidez, EITB eta Euskaltzaindia elkarlanari lotuko zaizkio, euskararen eredu estandarra zabaldu eta gizarteratzeko, euskararen lantze funtzionala indartzeko, euskara hedabideetan normalizatzen aurrera egiteko, eta euskalkien eta hizkeren aberastasuna zaintzeko.
Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako burua
EITBk eta Euskaltzaindiak 2025-2028 aldirako lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur (martxoak 3), Akademiaren egoitzan. Bertan izan dira Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Akordioaren bidez, EITB eta Euskaltzaindia elkarlanari lotuko zaizkio, euskararen eredu estandarra zabaldu eta gizarteratzeko, euskararen lantze funtzionala indartzeko, euskara hedabideetan normalizatzen aurrera egiteko, eta euskalkien eta hizkeren aberastasuna zaintzeko. Besteak beste, prestakuntza-saioak, argitalpenak, bikoizketako estilo-liburua eta Gabriel Arestiren omenezko ekintzak sustatuko dituzte elkarlanean.
Horrez gain, EITBk sortzen duen euskarazko testu masa Euskaltzaindiaren Euskararen Erreferentzia Corpusean (EEC) jasoko da. Euskararen Erreferentzia Corpusak egungo euskararen agerpenen corpusa barruratzen du, tartean, EITBk sortzen duen materiala, ahozkoa zein idatzizkoa. Testu masa hori EEC adimen artifizialaren inguruabarrean, erreferentziazko lanabes bilakatuko da, euskarari dagokionez. Ildo horretan, Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu du ingurune digitalari ere bidea egingo zaiola lankidetza honetan, «hurrengo urteetako hizkuntzaren premiak hortik etorriko direlako». Horrez gain, Urrutiak nabarmendu du euskararen normalkuntzarako hainbat ekimen egingo dutela EITBk eta Akademiak elkarrekin, eta gogoratu du horien helburua herritarren onura dela, «euskararen bidez gaurkotasunez jokatu ahal izateko». Aitortu du, orobat, Euskaltzaindiarentzat guztiz beharrezkoa dela EITBrekin batera aritzea, euskararen biziberritze prozesuan aurrera egiteko. Izan ere, «Euskararen Akademiaren mezua zabaltzeko tresna garrantzitsua da EITB, ezinbestekoa; horregatik aspalditik ondu dugun lankidetzari eutsiko diogu beste behin ere, gure gizartean diren dema berriei aurre egiteko».
Andoni Aldekoa ere pozik azaldu da gaurko agerpenean, eta EITB etorkizunari begira dagoela azpimarratu du bere hitzaldian: «Erronka handiak ditugu aurretik. Euskararen etorkizuna dago jokoan, eta, jomugan, batik bat, gazteak. Beraz, etengabeko elkarlana eta indarrak batzea nahitaezkoa izango dugu aurrera begira ere». Izan ere, tematuta daude aspalditik ahalegin horretan: «Hortxe ditugu PRIMERAN, MAKUSI eta GUAU plataforma berriak eta horien atzetik etorriko direnak. Plataforma berriekin, erabiltzaile gazteak euskarara erakarri nahi ditugu, kalitatezko edukiak emanez, jakin baitakigu belaunaldiz belaunaldiko euskararen transmisioan paper garrantzitsua dugula».
Aldekoa eta Urrutia, akordioa sinatzen
Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa