Teknologia -
Sare sozialak
Muskek X-ren aurkako zibereraso "masiboa" salatu du, "talde koordinatu edo herrialde batek" eginda
Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan, Erresuma Batuan eta beste estatu batzuetan milaka erabiltzailek sare sozial erabiltzeko arazoak izan dituzte. Beste mezu batean, Muskek "baietz" erantzun dio "zu eta plataforma hau isilik egon zaitezte nahi dute" esaten zion erabiltzaile bati.
Agentziak | EITB Media
Elon Musk handi-mandiak X sare sozialaren aurkako "zibereraso masiboa" salatu du gaur, eta iradoki du horren atzean "talde koordinatu bat edota herrialde bat" dagoela.
"Zibereraso masibo bat izaten ari da X-ren aurka. Egunero eraso egiten digute, baina hau baliabide askorekin egin da. Koordinatutako talde handi bat eta/edo herrialde bat dago inplikatuta. Ikertzen ari gara", idatzi du Muskek sare horretan bertan.
Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan, Erresuma Batuan eta beste estatu batzuetan milaka erabiltzailek sare sozial hori erabiltzeko arazoak izan dituzte, eta arazo handienak Euskal Herriko 14:00ak aldera gertatu dira.
Muskek txio bati erantzun dio, "DOGEren (Donald Trumpen Gobernuko Eraginkortasun Departamentua) kontrako protestak", Teslaren (bere ibilgailu elektrikoen enpresa) saltokiei egindako erasoak eta X-ko arazoak "eraso" baten ondorio zirela argudiatuz.
Beste mezu batean zibererasoa baieztatu ondoren, Muskek "baietz" erantzun dio "zu eta plataforma hau isilik egon zaitezte nahi dute" esaten zion erabiltzaile bati.
Gaurko arazoak, besteak beste, X plataformaren moteltasuna eta 520 kodeko errore-mezuak agertzea izan dira. Azken horrek web-zerbitzariak aipatzen ditu, eta Cloudflare zibersegurtasun-enpresaren web-orrira bideratzen du erabiltzailea.