Teknologia -
Mezularitza aplikazioa
Microsoftek maiatzean itxiko du Skype, baina Teamsen doako bertsioarekin ordezkatuko du
Skype duela 20 urte baino gehiago sortu zen, eta Internet bidez doako deiak eskaintzen aitzindaria izan zen. Maiatzaren 5era arte egongo da online. Microsoftek duela ia 14 urte erosi zuen Skype, 8.500 milioi dolarren truke.
Agentziak | EITB Media
Microsoftek maiatzean itxiko du Skype, testu eta ahots mezularitzako aplikazioa, eta Microsoft Teamsen doako bertsioarekin ordezkatuko du, konpainiak gaur iragarri duenez.
"Datozen egunetan Microsoft Teams Freen saioa hasi ahal izango duzu zure Skype kontuarekin, zure txat eta kontaktu guztiekin harremanetan mantentzeko. Eskerrik asko Skyperen parte izateagatik", azaldu du Skypek X sare sozialean.
Skype duela 20 urte baino gehiago sortu zen, eta Internet bidez doako deiak eskaintzen aitzindaria izan zen. Maiatzaren 5era arte egongo da online, eta, beraz, plataformako erabiltzaileek bi hilabete baino gehiago izango dituzte Microsoft Teamsera aldatu edo, besterik gabe, beren historia esportatu nahi duten erabakitzeko.
Aldaketa horrekin, Microsoftek ezabatu egingo ditu estatuko edo nazioarteko telefono-zenbaki 'normaletara' deitzeko aukera ematen zuen sistema. Skyperen ezaugarri horrek ospea irabazi zuen 2000ko hamarkadaren hasieran, telefono konpainia bati ordaindu gabe hitz egiteko aukera ematen baitzien erabiltzaileei.
Hala ere, funtzio horrek ospea galdu zuen telefono adimendunak eta FaceTime edo WhatsApp aplikazioak iritsi zirenean. Gainera, pandemian zehar, kontsumitzaileek beste aplikazio batzuk erabiltzea erabaki zuten, Zoom adibidez, bideokonferentziak egiteko, Skype erabili beharrean.
Microsoftek duela ia 14 urte erosi zuen Skype, 8.500 milioi dolarren truke.