Teknologia -
Kaliforniako Unibertsitatea
Gorroto mezuak % 50 areagotu dira X sare sozialean, Elon Muskek plataforma erosi ondoren
2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko ekainaren 9ra egindako ikerketak agerian utzi du gero eta gorroto iruzkin gehiago izan direla, eta 2023ko maiatzean jo zuen goia kopuruak.
Agentziak | EITB Media
X sare sozialean gorroto mezuak % 50 hazi dira, eta bot kontuak ez dira gutxitu Elon Musk handi-mandiak 2022an plataforma erosi ostean, Kaliforniako Unibertsitateko ikerketa batek gaur azaldu duenez.
2022ko urtarrilaren 1etik 2023ko ekainaren 9ra egindako ikerketa da, eta PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute. Ikerketaren arabera, gorroto iruzkinek goranzko joera izan zuten 2023ko maiatzera arte, eta orduan jo zuten goia.
Ikerketaren arabera, Muskek erosi aurretik gorroto iruzkinen batez besteko kopurua astean 2.179 izatetik 3.246 izatera igaro zen. Edo, bestela esanda, % 50 igo ziren.
Gainera, azterlanaren arabera, aldi horretan bertan sare sozialeko jarduerak % 8 egin zuen gora, eta, datu horri erreparatuta, pensatzekoa da ez zela erabiltzaile berrien ardura izan.
Hala ere, ikertzaileek zehaztu dute eduki mota hori Musk iritsi aurretik hasi zela hazten.
Erosi zuenean, handi-mandiak aitortu zuen sare sozialek polarizazioa areagotzeko arriskua zutela, eta ziurtatu zuen "ezin zirela guztiontzako doako infernu bihurtu, ondoriorik gabeko edozer esan ahal izateko", baizik eta "legeak errespetatu" behar zituztela.
Hala ere, ikerketak erakusten du Muskek ez duela lortu ustez zeukan helburua, plataforma zuzentzen duenetik irain homofobo, transfobo eta arrazista gehiago bota baitira.
Iruzkinak aztertu ondoren, ikerketak dio gorroto mezuen % 37 beste batzuei emandako erantzunak direla, % 36 mezu berriak, % 19 berrargitalpenak eta % 7 beste eduki batzuei buruzkoak.
Bot kontuak
Bestalde, ikusi da ez dela murriztu bot kontuen kopurua —sareetan elkarrekintza simulatzen duten kontu automatizatuak—, kontrakoa baizik; izan ere, kriptomonetak sustatzen dituztenen kopurua handitu da. Muskek eta Donald Trump AEBko presidenteak negozio horren alde egin dute behin baino gehiagotan.
X egoera horretara eraman duten arrazoien artean, Muskek edukia moderatzeko aholkuak ematen zituen Konfiantza eta Segurtasun Aholku Batzordea desegitea eta erabiltzaile batzuek beste sare sozial batzuetara alde egin izana, hartzen ari zen kutsuagatik hain zuzen ere, aipatu dituzte ikerketako arduradunek.