Teknologia -

Entretenimendua

Microsoftek Activision Blizzard erraldoia erosi du, bideojokoen sektoreko operazio handienean

Operazioa 60.326 milioi eurotan itxiko du Microsoftek eta, horrela, bideojokoen sektoreko hirugarren enpresa handiena bihurtuko da.

Call of Dutty et World of Warcraft, Xbox ekosistemara gehituko dira jokoetako batzuk
Call of Dutty et World of Warcraft, Xbox ekosistemara gehituko dira jokoetako batzuk
Microsoftek Activision Blizzard erosi du, munduko bideo-joko enpresa handienetako bat

0:48

EITB MEdia

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Microsoftek baieztatu du bideojokoen munduko enpresa handienetako bat, Activision Blizzard, erosiko duela. Horrela, sektoreko hirugarren konpainia handiena bihurtuko da. Operazioak 68.700 milioi dolarreko kostua izango du, hots, 60.326 milioi euro.

Datuak datu, baina, operazioak iraultza ekarriko du bideojokoen sektorean. Izan ere, Microsoftek izen handiko hainbat saga bereganatuko ditu, hala nola "Call of Duty", "Warcraft", "Diablo", "Overwatch", "Candy Crush", "Tony Hawk", "Crash Bandicoot" eta "StarCraft", eta horrek bi ondorio izan litzake: batetik, joko horiek guztiak "Game Pass" Microsoften harpidetza sistemara (bideojokoen Netflix bat bezalakoa) heltzea, eta, bestetik, Activision Blizzarden etorkizuneko joko guztiak Xbox ekosisteman esklusiboak izatea. Hau da, Nintendo eta Sony konpainiek munduan jarraitzaile gehien dituzten bideojokoetako batzuk galduko lituzkete.

Akordioa bideojokoen sektoreko inoizko garestiena da. Joan den astean, Take-Two konpainiak Zynga erosi zuen 11.152 milioi euroren truke, eta, 2020an, Microsoftek berak Bethesda bereganatu zuen, 6.585 miloi eurotan.

Activision Blizzard erraldoia da bideojokoen munduan. 10.000 langile ditu guztira, eta iaz 7.100 milioi euroko fakturazioa eta 1.929 milioi euroko mozkinak izan zituen.

Azken hilabeteetan, baina, enpresa hori iritzi publikoaren ikusmiran izan da, hainbat urtez sexu jazarpen kasuak ezkutatu zituela jakinarazi baitu "The Wall Street Journal" egunkariak.

Konpainiako buruak, Bobby Kotick-ek, lanpostua mantenduko du, baina Phil Spencer Microsoften bideojoko arloko kontseilari delegatuaren aginduetara egongo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Eguneko albisteak Albisteak Microsoft Bideo-jokoak