Teknologia -
Sare soziala
WhatsAppek maiatzera atzeratu du Baldintza eta Pribatutasun politiken aldaketa
Gainera, konpainiak jakinarazi du "neurriak" hartuko dituztela "WhatsAppeko segurtasunaren eta pribatutasunaren inguruko desinformazioa argitzeko".
agentziak | eitb media
Whatsappek erabaki du maiatzera atzeratuko duela Baldintza eta Pribatutasun politiken aldaketa, hasiera batean otsailaren 8an ezarri behar zena, eta berretsi du elkarrizketak babestuta daudela enkriptazioarekin, eta horregatik enpresak ezin dituela irakurri.
Urtarrilaren hasieran WhatsAppeko erabiltzaileek abisu bat jaso zuten mezularitza aplikazioak erabiltzaileen datuen erabileran aldaketak egingo zituela ohartaraziz.
Mezu horrek esaten zuen mezularitza zerbitzua erabiltzen jarraitu ahal izateko aldaketak onartu egin behar zirela.
Konpainiak orduan argitu zuen politika berriek ez dutela aldaketa materialik ekarriko Europar Batasuneko erabiltzaileen datuen trataeran, eta WhatsAppek oraindik ez dituela erabiltzaileen datuak Facebookekin partekatzen azken horrek iragarkiak eta produktuak hobe ditzan.
Hala ere, erabiltzaileen nahasmenduaren aurrean, konpainiak aldaketak ezartzeko data atzeratzea erabaki du, baina horrek ez du eraginik izango orain arte mezua onartu ez duten erabiltzaileei, eta berdin-berdin erabili ahal izango dute WhatsApp.
Gainera, konpainiak jakinarazi du "neurriak" hartuko dituztela "WhatsAppeko segurtasunaren eta pribatutasunaren inguruko desinformazioa argitzeko". Gero, erabiltzaileek, era mailakatuan, politika berrikusi beharko dute, "nork bere erritmoan", enpresentzako aukera berriak indarrean sartu aurretik, hau da, maiatzaren 15a baino lehen.
Era berean, plataformako elkarrizketa pertsonalak babestuta daudela eta ez Whatsappek ez Facebookek ezin dituztela ikusi azpimarratu du.