Teknologia -
WWDC19
iPaderako sistema eragile propioa aurkeztu du Apple konpainiak
Multinazionalak berritasunak iragarri ditu 2019ko WWDC Garatzaileen Mundu Biltzarrean.
AGENTZIAK
Apple konpainiak iPad tabletetarako sistema eragile berria, iPad OS, aurkeztu zuen atzo Kalifornian, WWDC Garatzaileen Munduko Biltzarrean. Aurrerantzean, beraz, iPad tabletek ez dute iPhone gailuek erabiltzen duten iOS sistema eragilea erabiliko.
Tim Cook buru duen konpainiak, iPadetarako ez ezik, Apple Watch erloju adimendunetarako (WatchOS 6) eta Mac ordenagailuetarako (macOS 10.15 Catalina) sistema eragileen eguneratzeak iragarri ditu.
iPadOS berriak orain artekoaren antzeko hasierako orria badu ere, hainbat berritasun ditu: hainbat pantaila batera irekita lan egiteko aukera edota SD txarteletako eta USB memorietako edukiak zuzenean artxiboen aplikazioan irekitzea. Horrez gain, arkatz digitalaren azkartasuna 20 milisegundotik 9 milisegundora jaitsiko da.
Apple Watch erloju adimendunarekin lotuta, WatchOS 6 sistema eragileak zuzenean, modu autonomoan, App Store aplikazioen dendara joateko aukera eskainiko du. Erlojuak telefonoari lotuta egoten jarraitu beharko badu ere, erlojutik bertatik aplikazioak erosi eta jaisteko aukera izateak gailuaren autonomia nabarmen areagotuko du.
Mac ordenagailuetan ere bada berritasunik. Izan ere, macOS Catalina sistema eragilea bateragarria izango da iPaderako diseinatutako aplikazioekin. Horrela, orain arte tableterako ziren produktuak Mac ordenagailuetara lekualdatu ahal izango dira.
Iragarpen horiek itzalean utzi zuten iPhone gailuaren sistema eragilearen (iOS) eguneratzea. 13. bertsioak modu iluna izango du bere baitan, besteak beste, bateriaren autonomia handitzea ahalbidetuko duena.
Sistema eragile berrien beta bertsioak uztailetik aurrera egongo dira erabiltzaileen eskura, eta udazkenean merkaturatuko dira behin betikoak.