Teknologia -
Ransomware
Euskal erakundeek neurriak hartu dituzte zibererasoa dela eta
Eusko Jaurlaritzak Interneteko sarbidea kendu du Osakidetzan eta beste erakunde batzuetan.
agentziak | erredakzioa
Euskal erakunde nagusiek neurriak hartu dituzte hainbat konpainia espainiarrek jasan duten ziberesaroaren aurrean blindatzeko, eta barne bosta elektroniko sarea eta Interneterako sarbidea eten dituzte.
Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioak baieztatu du hainbat zibereraso izan direla, baina ez dietela erabiltzaileen zerbitzuei eragin.
Eusko Jaurlaritzak Interneterako sarbidea eta posta elektronikoa eten ditu badaezpadako neurri gisa, baina barne aplikazioak eta zerbitzuak martxan daude.
Jaurlaritzako iturrietatik azaldu dutenez, zibererasoaren berri izan eta berehala "alerta aktiboa" jarri dute martxan, Osakidetzari, Hezkuntzari, Segurtasunari, Justiziari eta Administrazio orokorrari eragiten dien segurtasun protokoloa.
Bestalde, Bizkaiko Aldundiak ere posta elektroniko zerbitzua eten du erasoa ez jasotzeko eta zaintza protokoloa jarri dute abian, nahiz eta ezer arrarorik ez duten nabaritu.
Arabako Aldundiak Windows XP duten lau ordenagailuak itzali ditu, erasoaren aurrean babes txikiena dutenak direlakoan.
Gipuzkoan, berriz, martxan dira zerbitzari guztiak, baina barrura begira bakarrik, kanporantz dena eten dute, gutxienez astelehena arte.