Teknologia -
Pribatutasun-politika
WhatsAppek ez ditu Facebooken esku utziko erabiltzaileen datuak
Datuen Babeserako Espainiako Agentziak (AEPD) araudia errespetatzeko eskatu diote berehalako mezularitza zerbitzuari.
Agentziak | Erredakzioa
WhatsAppek eta Facebookek ez dituzte erabiltzaileen datu pertsonalak elkar trukatuko, berehalako mezularitza zerbitzuak ohar baten bidez jakinarazi dienez Datuen Babeserako Europako aginpideei. Era berean, zalantza eta kezka guztiak argituko dituela eta pribatutasun-politikan egindako aldaketak berriro aztertuko dituela azaldu du.
Halaber, Whatsappek eta Facebookek oraindik ez dituztela Europan bizi diren erabiltzaileen datu pertsonalak elkar trukatu azaldu du Datuen Babeserako Espainiako Agentziak (AEPD). Ildo horretatik, Datuen Babeserako Europako aginpideen zalantza guztiak argitu arte elkarri ez diotela informaziorik bidaliko gaineratu du.
Urrian, Europako agintariek eskutitz bat bidali zioten Jan Koum WhatsAppeko kontseilari delegatuari, zerbitzuaren erabilera baldintzatan eta pribatutasun politikan izandako aldaketekiko zalantzak eta egonezina adierazteko.
Gauzak horrela, pribatutasun-politikan egindako aldaketak sortutako kezka eta zalantza guztiak argitu arte Whatsappek eta Facebookek ez dituztela erabiltzaileen datuak elkar trukatuko iragarri du AEPDk.
Berehalako mezularitza zerbitzuak abuztuan iragarri zuenez, erabiltzaileen telefono-zenbakiak Facebookekin partekatzeko aldaketak egin zituen erabilera-baldintza eta pribatutasun-politikan. Gainera, erabiltzaileak aplikazioa zein maiztasunekin erabiltzen duen jakiteko aukera emango zion WhatsAppek.
Orduan, Datuen Babeserako Europako aginpideak elkarlanean aritzea erabaki zuten, WhatsAppek eta Facebookek datu pertsonalak elkar trukatzea saihesteko, erabiltzaileen pribatutasuna bermatuko duten lege berme nahikoak izan arte. Gainera, datuen babeserako printzipioak eta eskubideak betetzen direla bermatzeko elkarlanean erituko zirela iragarri zuten.
Gauzak horrela, Alemanian, Italian edo Erresuma Batuan ere mota horretako ikerketak egin dituzte, WhatsAppek eta Facebookek elkarri bidaltzen dioten informazioa zertarako erabiltzen duten argitzeko.
“Europan indarrean dagoen datuen babeserako araudia errespetatzen dugu, eta AEPDren zalantza guztiak argitzeko elkarlanean ari gara”, iragarri zuen joan den hilabetean berehalako mezularitza zerbitzuak.
Dena den, Whatsappeko pribatutasun-politika berriak ez badu Espainiako araudia errespetatzen, neurriak hartuko dituela iragarri du AEPDk.