Teknologia -
Emaitza positiboak
Facebookek 3.222 milioi euro irabazi ditu urteko lehen seihilekoan
Gainera, hilabetean behin 1.710 milioi erabiltzaile inguru sartzen direla azaldu du Facebookek, aurreko urteko epe berean baino % 15 gehiago.
Agentziak | Erredakzioa
Facebook sare sozialak asteazken honetan, hilak 27, jakitera eman duenez, 3.565 milioi dolar (3.222 milioi euro) irabazi ditu urteko lehen seihilekoan, iaz irabazitakoa baino % 189 gehiago.
Halaber, egoitza nagusia Menlo Park-en (Kalifornia, AEB) duen konpainiak iragarri duenez, diru-sarrerak handitu egin dira urteko lehen sei hilabeteetan, eta 11.818 milioi dolar bildu ditu guztira. Aurreko urteko epe berean, berriz, 7.586 milioi dolar lortu zituzten.
Era berean, Facebookek azaldu du hilabetean behin 1.710 milioi erabiltzaile inguru sartzen direla sare sozial horretan, iaz baino % 15 gehiago. Bestalde, 1.100 milioi pertsona baino gehiagok egunero erabiltzen dute Facebook, lagunekin edota sendiekin harremanetan jartzeko; aurreko urteko epe berean baino % 17 gehiago.
“Hiruhileko honetan emaitza onak lortu ditugu gure sare sozialetan baita gure negozioetan ere. Egin dugun aurrerapena dela eta oso pozik gaude, eta denborarekin bideoak gure zerbitzuetako erdigunea bilakatzen ari dira”, esan du Mark Zuckerberg Facebookeko kontseilari ordezkariak ohar baten bidez.
Gainera, iragarkiak dira konpainiaren garapenean laguntzen duten bitarteko nagusiena. Alde horretatik, 6.240 milioi dolar bildu dituzte urtearen lehen hiruhilekoan, 2015eko tarte berean baino % 63 gehiago.
Hala, sakelako telefonoetan jartzen dituzten iragarkiei esker irabazien % 84 lortu ditu konpainiak, iaz baino % 74 gehiago.