Teknologia -
Mugikorretarako aplikazioa
Sherpa euskal enpresak 6,5 milioi dolarreko finantzaketa eskuratu du
Orain gutxi Sherpak Samsung multinazional korearrarekin akordioa sinatu zuen, Sherpa aplikazioa enpresa horren gailu modernoenetan egon dadin.
eitb.eus
Sherpa Bilbon egoitza duen startup gisako enpresak gaur jakitera eman duenez, 6,5 milioi dolarreko finantzaketa lortu du. Diru hori, batez ere, Alma Mundi Innvierte Fund FCRE izeneko arrisku-kapitaleko funtsetik dator, baina baita beste inbertitzaile batzuetatik ere, baina ez dute horien izenik zabaldu.
Enpresako iturrien arabera, "finantzaketa horrek enpresaren estrategia sendotzen du, eta banaketan eta erabiltzaileak lortzean datzan esparru berri batean kokatzen du". "2012an lehendabiziko bertsioa plazaratu zenetik, aplikazioak digitu bikoitzeko hazkuntza izan du", gaineratu dute.
Sherpa Next aplikazioaren behin betiko bertsioa duela 10 hilabete aurkeztu zuten.
Samsungekin hitzarmena
Samsung multinazional korearrarekin akordioa sinatu du orain gutxi Sherpak, Sherpa aplikazioa enpresa horren gailu modernoenetan egon dadin.
"Marketin ekintzarik egin gabe, % 400 hazi gara organikoki azken urtean. Horrek esan nahi du gure produktuak harrera ona izan duela eta gure erabiltzaileek atsegin dutela. Horrenbestez, uste dugu jauzia emateko eta handinahiak izateko garaia dela, eta urtebetean % 1.000 hazteko erronka jarri diogu geure buruari. Hori erdiesteko, gure marketin plangintza abiatuko dugu, eta sektoreko handienekin lan egingo dugu", adierazi du Xabi Uribe-Etxebarria Sherpako sortzaile eta buruak.