Politika -
Bide-segurtasuna
Kongresuak alkoholemia-tasa jaisteko ekimena izapidetuko du, eta PPk zer bozkatuko duen ez dago argi
EAJk, Juntsek, ERCk eta Sumarrek PSOEren ekimenaren tramitazioa babestuko dute, baina iragarri dute zuzenketak aurkeztuko dituztela.
Agentziak | EITB Media
Kongresuak sozialisten proposamena izapidetuko du baimendutako alkoholemia-tasaren gehienezko muga odol litroko 0,5 gramotik 0,2ra jaisteko (0,1 miligramo aire litroko). PPk zer bozkatuko duen ez dago argi.
EAJk, Juntsek, ERCk eta Sumarrek ekimenaren tramitazioa babestuko dute, iragarri dute baina zuzenketak aurkeztuko dituztela.
Gaur Kongresuko Osoko Bilkuran PSOEren lege-proposamena aintzat hartzeko egindako eztabaidan, talde politiko guztiek iragarri dute aldeko botoa emango dute, Voxek izan ezik; PPk, berriz, ez du zehaztu babesa emango dion.
PSOEko Manuel Arribasek defendatu du ekimena, eta gogorarazi du beste estatu batzuek ere, hala nola Suediak eta Norvegiak, litroko 0,2 gramoko tasak dituztela. Nazioarteko hainbat erakundek indize horren alde egiten dute.
Espainiako Toxikologiako Institutuaren txostenak ere aipatu ditu sozialistak. Horien arabera, istripuetan hildako gidarien % 33k alkoholemia azterketan emaitza positiboak zituzten, baita harrapatutako oinezkoen % 29k ere.
Era berean, gogorarazi du proposamenak jasoko duela alkohola eta droga kontrolak non dauden sare sozialetan argitaratu eta zabaltzeko debekua ere.
Bien bitartean, Bella Verano PPren diputatuak esan du proposamena "Gobernuaren eta PSOEren beste ke-laino bat" dela, "oso efektista eta ez oso eraginkorra", eta ziurtatu du horrekin "zarata egin nahi dutela, DGTn gauzak gaizki egiten ari direla estaltzeko".
Vox eskuin muturreko alderdiko Francisco Jose Alcaraz diputatuak ekimena gaitzetsi du, besteak beste, "bizitzak salbatzea eta sozialismoa bateraezinak direlako". "Heriotzaren Gobernua zarete", erantsi du Voxen diputatuak.