Politika -

Bilera, bertan behera

EAJ eta PSE, botere-eskualdaketa bertan behera uztea elkarri leporatuz

Sozialistek EAJren “asmo txarra” salatu dute, agintaldia uzten duen Gobernuak ustez 640 milioi euroko gastua utziko zuela esan duelako EAJk.

Iñigo Urkullu eta Patxi Lopez. EITB
Iñigo Urkullu eta Patxi Lopez
Urkullu: 'Bertan behera uztearena ez da EAJren aldetik izan'

01:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta EAJk elkarri leporatu diete botere-eskualdaketa egiteko deitutako bilera bertan behera geratu izana.

Bilera Gasteizeko Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egitea aurreikusita zegoen, eta bertara honako hauek joan behar zuten: Idoia Mendia funtzioetako Jaurlaritzako bozeramaileak eta Manu salinero Presidentetzako idazkari nagusiak PSEren aldetik, eta Joseba Aurrekoetxea, Koldo Mediavilla, Pilar Garcia de Salazar eta Ricardo Gatzagaetxebarria legebiltzarkideak EAJren aldetik.

Halere, goizeko lehen orduan Eusko Jaurlaritzako ordezkariek EAJri deitu diotela jakin da, bilera izateko baldintzak ez zirela ematen uste izanda deialdia bertan behera uzteko.

Jaurlaritzak EAJren "asmo txarra" salatu du

Sozialistek EAJren "asmo txarra" salatu dute, agintaldia uzten duen Gobernuak ustez 640 milioi euroko gastua utziko zuela esan duelako EAJk. Informazio hori "okerra dela, eta faltsua" nabarmendu du alderdiak.

EAJren ustez, `PSE-EEk bilera honek eskatzen zuen konfiantza hautsi du, Euskadiko 70.000 funtzionarioen Gabonetako aparteko ordainsaria ordaindu ala ez erabakitzea berari utzita.

Patxi Lopezek Gobernuko ordezkariak, Idoia Mendiak eta Manu Salinerok, prentsaurrekoa eman dute, eta EAJk aipatutako gaiak "derrigorrez" egin beharreko gastuekin zerikusia dutela azaldu dute, besteak beste, ertzainen balen aurkako txalekoak, Justizia jauregiko zaintza zerbitzuak eta ikertzaileen soldaten ordainketa.

Halaber, sozialisten hitzetan, ez da ulergarria EAJk Administrazioaren kontratazio zerbitzuen inguruko kontuak eskatzea, funtzionario publikoei Gabonetako aparteko ordainsaria ordaindu behar zaien edo ez publiko egiten ez duen bitartean.

Jaurlaritzak botere-eskualdaketarako konfiantza hautsi duela esan du EAJk

EAJk botere-eskualdaketak eskatzen dituen diskrezioa eta konfiantza hautsi izana leporatu dio PSE-EEren Gobernuari.

Hitz egiten lehena Iñigo Urkulu EAJko presidentea eta etorkizuneko lehendakaria izan da, eta funtzioetan dagoen Eusko Jaurlaritzari datozen urteei dagozkien gaiekin amaitzea eskatu dio.

Halaber, Gabonetarako aparteko ordainsaria ordaindu edo ez erabakitzea Gobernuari dagokiola esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea