Politika -

AEB-RA BIDAIA OFIZIALA

Lankidetza formula berriak aldarrikatu ditu lehendakariak, Trumpen administrazioak sortutako zarataren aurrean

George Washington Unibertsitateko ikasle, arduradun eta adituekin partekatu du Pradales Lehendakariak Atlantikoaren bi aldeetan demokrazia hobea lortzeko gogoeta.

Lehendakariaren topaketa AEB-n. Argazkia: Irekia
Lehendakariaren topaketa AEB-n. Argazkia: Irekia

Lehendakariaren topaketa AEB-n. Argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehendakariak Estatu Batuen eta Europaren arteko beharrezko lankidetza defendatu du, zarata mediatikoa eta politikoa gaindituko duten elkar ulertzeko "formula berriak" aurkitzera behartuta baitaude. Horrela adierazi zuen Imanol Pradalesek George Washington Unibertsitateko School of Media and Public Affairs erakundeak antolatutako mahai-inguruan.

Peter Loge zuzendariak moderatu zuen topaketa, eta unibertsitate horretako ikasle ugari eta profil altuko adituak izan dira bertan: Sara Jones, German Marshall Fund erakundearen lidergo programen zuzendaria; Spencer Boyer, kanpo-politikan, segurtasun nazionalean eta nazioarteko harremanetan aditua den abokatua; Erol Yayboke, Hillary Clintonen kanpaina presidentzialeko aholkularia; Dan Estrepo, abokatua eta CNNren kolaboratzaile politikoa; Juan Sebastian Gonzalez, Mendebaldeko Hemisferiorako Segurtasun Kontseilu Nazionalearen zuzendari nagusi ohia Joe Bidenen gobernuan; eta Jeta Abazi, komunikazio politikoan espezializatutako kazetaria.

Bere hitzaldian, Imanol Pradalesek joera antidemokratikoen gorakadaz ohartarazi du eta egungo testuinguruan balio demokratikoak indartzeko beharra azpimarratu du. Pradalesek adierazi duenez, demokraziaren aurkako mehatxuak, kasu askotan, sistemak berak eragiten ditu, gizartearen ondoeza, politikarekiko desafekzioa, eta komunikazio- eta informazio-sistemen eraldaketa baliatzeko. "Olatu autoritarioek ukatu egiten dute desberdina dena, munduaz duten ikuspegia inposatzen dute, eta oinarri demokratikoak higatzen dituzten irtenbide sinplistak aurkezten dituzte", ohartarazi du.

"Eztabaidarako, informaziorako eta komunikaziorako espazio publiko berri hau nola artikulatu eta arautu behar den pentsatu behar dugu, demokraziaren defentsa eta indartzea bermatzeko", adierazi du. Halaber, teknologiak eta adimen artifizialak demokraziaren etorkizunean duten zereginari buruzko hausnarketa sakona egiteko deia luzatu du.

Europako egungo egoerari eta Trumpen administrazio berriarekiko harremanei buruzko hausnarketa ere egiteko aukera izan du lehendakariak. Ildo horretan, ohartarazi du EBn "presazko zentzua" kontzeptua finkatu dela azken urteetako aldaketei aurre egiteko, eta AEBko presidentearen etorrerak lagundu dio. Hain zuzen ere, esan zuen bere politikek erakusten dutela Etxe Zuria ez dela Europaren baldintzarik gabeko aliatua.

Amaieran, Imanol Pradalesek berretsi egin zuen demokraziarekin eta humanismoarekin duen konpromisoa, eta elkarrizketa eta lankidetza defendatu zituen.

George Washington Unibertsitateko bilera izan da Ameriketako Estatu Batuetako hiriburuan aurreikusitako azkena. New Yorkera bidean, lehendakariak Euskadik Estatu Batuetan eta Kanadan duen ordezkaritza bisitatuko du 08:30ean, eta 12:00etan Solomon R. Gugenheim Fundazioko arduradunekin bilduko da, Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin, Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiarekin, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren egungo zuzendariarekin eta Miren Arzalluz haren ondorengoarekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales